Pro Zarautz 2018

"Txikitan askotan etortzen nintzen Zarautzera surfean aritzera"

Zarauzko Hitza 2018ko api. 9a, 08:30

Pauline Ado hendaiarrak irabazi du aurtengo Pro Zarautz surf txapelketa. Txapelketa irabazteko hautagai nagusietako bat zen, eta berak ere irabazteko aukerak bazituela uste bazuen ere, "lehiakide gogorrak" izan dituela azaldu du.

Askoren ahotan ibili da zure izena txapelketan zehar. Esan daiteke jendeak espero zuela zure garaipena, baina, zuk espero al zenuen?

Surflari asko ginen, eta askok geneuzkan irabazteko aukerak, Garazik, Leticiak, Camillak eta beste hainbatek txapelketa osoan zehar hala erakutsi dute. Oso olatu onak hartu dituzte, maila bikaina erakutsiz eta oso puntuazio altuak lortuz. Nik baniekien emaitza onak lortzeko gai nintzela, baina lehiakide asko gara, beraz, oso garrantzitsua izan da olaturik onenak aukeratzea aurrera egiteko. Noski, erraza da esatea, baina lehian gaude eta itsasoan gauden unean ez da horren erraza, tentsio handia izaten baitugu.

Zer moduzko itsasoa topatu duzu?

Oso ona. Ostegunetik larunbatera arte, batez ere, oso olatu onak izan dira. Pena bat izan da finalarena, oso zaila izan da guretzat, ez dugu puntuazio alturik lortzeko ia aukerarik izan. Gainontzeko egunetan zehar bai, oso gustura aritu naiz surfean. Txapelketa honetan parte hartzeko aukera izan nuen duela bi urte, eta orduan ere oso gustura gelditu nintzen izan ziren olatuekin.

Duela bi urteko hartan ere irabazi egin zenuen.

Bai, esan daiteke, Zarautz, lehendik ere berezia bazen niretzat, are bereziagoa bihurtzen ari dela urtez urte. Txikitan askotan etortzen nintzen hona Hendaiatik surfean aritzera, oso gustuko nuen, eta orain, bertan lehiatzeko aukera izatea, eta gainera garaile irtetzea ohore bat da niretzat.