Aner Peritz Manterola: «Galtzeko ezer ez daukagunez, ahal duguna egingo dugu eta kitto»

Zarauzko Hitza 2018ko api. 19a, 10:11
Aner Peritz Manterola (Amaia Urbieta Arruti).

Etxe-beltz eta Motxian bertso eskoletan jarduna, Aner Peritz Manterola zarauztarra Ereñotzuko saioa irabazita zuzenean sailkatu zen biharko finalera.

Martxoaren 9an kantatu zuen Peritzek Ur-Mia elkartean, eta berekin batera, Oihana Arana, Kepa Galparsoro, Julene Iturbe eta Ekain Tolaretxipi jardun ziren kantuan. Peritz nagusitu zen bertan, eta saioa «ondo» jardun izanaren sentsazioarekin amaitu bazuen ere, ez zuen espero lehen postua eskuratzerik. «Nirekin batera kantatu zutenak entzunda, ez nuen uste zuzenean sailkatuko nintzenik». Txapelketan kantatzen duen bigarren urtea du, eta datozen bi urteetan ere kantatzeko aukera izango du.

 Finalaren aurreko egun hauek «bertso munduan oso murgilduta» bizitzen ari da, baina oraindik «zorionez, oso lasai» dagoela adierazi du zarauztarrak. Biharko finalerako aukerei buruz galdetuta, ezer ez duela espero esan du, inongo espektatibarik ez duela. «Ez dut esango txapeldun nor gelditu daitekeen, badaezpada isiltzea hobe». Hala ere, bere buruari mugarik ez diola jarriko adierazi du. «Galtzeko ezer ez daukagu, ohore handirik ez zaigu geratzen, beraz, ahal duguna egingo dugu eta kitto».

Orain arte jokatutako finaletan «ume asko» egoten zirela azaldu du, eta hori sahiesteko asmoz, finala Lasturren, afari formatuan izatea, egokia iruditzen zaiola esan du Peritzek. «Aurreko urtean, esaterako, bertsokide batzuei masturbazioaren inguruko gai bat jarri zieten, eta umeen erreakzioak ez zien asko lagundu kantatzen ari zirenei». Hala ere, bere zalantzak ditu esperimentuari buruz, Lasturreko gazteentzako egonaldiaren egitarauaren barruan kokatze hori apur bat «behartua» iruditu baitzaio.

Erlazionatuak

Zortzitik lau eskualdekoak

Amaia Urbieta Arruti 2018 api 19 Zarautz