Sanpelaioak 2018

San Pelaio jaietarako gazteen danborrada antolatu dute

Zarauzko Hitza 2018ko mai. 30a, 16:45
2016ko San Pelaio bezperako Helduen Danborrada. (Amaia Ventas Aldabaldetreki)

Ekainaren 27an, 12:00etan ospatuko da lehen aldiz antolatu duten danborrada hau eta 12 urtetik gorako edonork har dezake parte.

Aurtengo sanpelaioetarako gazteen danborrada martxan jarri dute Zarauzko Udalak eta Elkarte Gastronomikoek. Ekainaren 27an izango dute danborra jotzeko aukera 12 urtetik gorakoek, 12:00etatik aurrera, baserritarrez jantzita.

Ekainaren 25ean, San Pelaio egunaren bezperan, arratsaldez Haur Kultur Taldeak antolatutako Haur Danborrada ospatzen da eta, gauez, Zarauzko Elkarte Gastronomikoek antolatutako Helduen Danborrada. Elkarte Gastronomikoetako antolatzaileek adin tarte bat danborradan parte hartzeko aukerarik gabe geratzen zela ikusi zutelako antolatu dute ekimen hau.

Gazteen Danborradako entseguak Helduen Danborradakoenekin batera izango dira, Lizardi Institutuko pistan, ondoko egun eta orduetan: ekainak 7, 12, 14, 19 eta 21, 21:00etatik 22:00etara. Parte hartzeko interesa duen orok, jaiak@zarautz.eus helbide elektronikora mezu bat bidaliz egin dezake edo 943 00 51 19 telefono zenbakira deitu.