Sanpelaioak 2018

Sanpelaioetako haurren danborradako entseguak, hastear

Zarauzko Hitza 2018ko mai. 31a, 13:24

Ekainaren 25ean izango da danborrada, eta entseguak datorren astean hasiko dituzte. LH 3tik 6ra arteko haurrek hartuko dute parte, eta Haur Kultur Taldeak gurasoei eskatu die animatu ditzatela seme-alabak danborradan ateratzera.

Haurren 40. Danborrada egingo dute ekainaren 25ean, San Pelaio jaien barruan. LH 3tik 6ra arteko haurrek hartuko dute parte bertan, eta datorren astean hasiko dituzte entseguak.

Entseguak Gaztelekuan izango dira, 18:00etatik 18:45era. Aurrena zuzendariek egingo dituzte bi entsegu, ekainaren 5ean eta 6an. Ondoren, denek elkarrekin entseatuko dute: ekainaren 11tik 14ra, eta ekainaren 18tik 21era izango dira entseguak.

Haur Kultur Taldeak azaldu duenez, LH2ko umeek desfilean bakarrik hartuko dute parte. Horregatik, ez dute entseguetara joan beharrik.

Bestalde, gurasoei eskatu diete animatu ditzatela seme-alabak danborradan parte hartzera. "Helburu nagusia da haurrak festen partaide egitea eta herritar sentiaraztea", azaldu dute.