Zarauzko Triatloia 2018

Kostako bidetik ez da pasatuko aurten Zarauzko Triatloia

Zarauzko Hitza 2018ko eka. 7a, 15:17
Judith Corachan, Xabier Txurruka, Patricia Damian eta Joseba Iriondo. (Aritz Mutiozabal)

Larunbat arratsaldean jokatuko dute 32. aldiz, eta ibilbidean aldaketak egin behar izan dituzte antolatzaileek, luiziek N-634 errepidean eragindako kalteen ondorioz.

Bizikletako ibilbidean aldaketa izango du aurtengo Zarauzko Triatloiak. Kostako errepideko zatia kendu dute, luizien eraginez hainbat gunetan errei bakarra dagoelako zabalik.  Batez ere, lehenengo zatia aldatuko dela nabarmendu du Zarauzko triatloi Elkarteko presidente Patricia Damianek: San Inazio kaletik Meaga aldera joango dira; Oikiarantz hartuko dute, Korta industrialdean itzulia eman eta Aizarnazabaleraino; handik Zarautzera itzuliko dira, Meagatik.  Zati horri bi itzuli eman ondoren, Oriorantz hartuko dute ohiko bigarren zatia osatzeko; Aiako eta Txurrukako aldapak barne.

Bestalde, korrikako zatiak 21 kilometro izango ditu, maratoi erdia bilakatuz; orain arte 20 kilometro zituen. Hiru itzuli eman ohi diote zirkuitu bati, eta aurten zirkuitu hori apur bat luzatu dute Iñurritza aldean. Edonola ere, bihar (ekainak 8) bilera tekniko bat egingo dute Munoako karpan, 20:15ean hasita, ibilbidearen inguruko argibide zehatzak emateko eta zalantzak argitzeko.

700 parte hartzaile

Larunbatean jokatuko dute 32. aldiz triatloia, eta 700 lagunek hartuko dute irteera Getariako hondartzatik; emakumeak 14:00etan, eta gizonak, ordu laurden geroago. Aurten zozketa bidez egokitu dituzte dortsalak, eta, guztira, 2.300 izan ziren izena eman zutenak. Faboritoen zerrenda ere aipatu dute: emakumezkoetan, iazko txapeldun Jocelyn Brea, Sara Loehr, Judith Corachan eta Helene Alberdi; eta gizonezkoetan, munduko txapeldun izandako Ivan Raña, Gustavo Rodriguez, Miguel Angel Fidalgo, David Castro eta Jon Unanue. Aurten, Zarauzko hogei triatletek hartuko dute parte.

Judith Corachan, esaterako, dagoeneko herrian dago, eta bizikletako ibilbide berria ezagutzen aritu da. Biharko iragarrita dagoen eguraldi euritsuak zalantzak sortzen dizkiola azaldu du, batrez ere, zein motatako bizikleta erabili erabakitzeko orduan. Ibilbide berriarekin desnibela areagotzen bada ere, «azkarra» izango dela uste du. Gainerakoan, sasoiko datorrela nabarmendu du, baina «beti borrokatu behar da, maila handiko triatloia baita Zarauzkoa». Proba irabaztea gustatuko litzaiokeela ere azaldu du, «amets bat da, eta ez obsesio bat» zehaztuz.

Lehia bukatutakoan, ohi bezala, parte hartzaile guztientzako afaria egingo dute Munoako karpan. Horretaz aparte, bertako gastronomia bultzatze aldera, Tripintxoa sortu dute Euskalduna eta Zazpi tabernekin lankidetzan. Proban parte hartuko duten triatletek eta boluntarioek baino ez dute pintxo hori dastatzeko aukera izango.

Xabier Txurruka alkateak adierazi du Zarauzko Triatloia «lehen mailako kirol festa» dela, jendetza erakartzen duelako urtero-urtero. Zarauzko Triatloi Elkarteak egiten due lana goraipatzeaz gain, proba honetan zein besteetan laguntzen aritzen diren boluntarioen prestutasuna azpimarratu du: «Zuek gabe proba hauek aurrera ateratzea ezinezkoa litzateke».