Aitor Urbitarte 'Txangurro': "Jokalariek aldaketa nahi badute, onartu egin behar duzu"

Aritz Mutiozabal 2018ko eka. 20a, 09:49
Txangurro, Espainiako Eskubaloi Federazioak emandako zilarrezko intsigniarekin (Aritz Mutiozabal)

Amenabar taldeko entrenatzaileari zilarrezko intsignia eta domina eman dizkio Espainiako Eskubaloi Federazioak aurreko asteburuan. Baina, paradoxikoki, datorren denboraldian ez du taldea entrenatzen jarraituko.

Kirol merituagatik saritu zaitu Espainiako Eskubaloi Federazioak. Nola jaso duzu aitortza?
Sorpresaz, ez bainuen espero inolaz ere. Gainera, ez daukat oraindik entrenatzaile titulu nazionalik, eta asteburuan federazioko presidente Paco Blazquezek azaldu zidan zuzendaritza batzordean nire izena aipatu zutela eta aho batez erabaki zutela sarietako bat niri ematea. Ezusteko ederra izan da, eta poz handiz jaso dut.

Noiz jakinarazi zizuten saria eman behar zizutela?
Aialako kadete neskak Eldan ari zirela Espainiako Txapelketako finaleko fasean; izan ere, tartean nire alaba zegoen eta han nengoen. Federaziotik deitu ninduten neskek zilarrezko domina lortu zutela zoriontzeko, eta, bide batez, jakinarazi zidaten zilarrezko intsignia eta domina eman nahi zizkidatela.

Ezusteko bikotza, beraz.
Bikoitza edo hirukoitza... Nahiko hilabete gorabeheratsua izan da nire bizitzan: Eldara joan baino hiru egun lehenago, alabak ukalondoa puskatu zuen eta ebakuntza egin zioten urjentziaz; han ongi ari ginen eta domina lortu genuen; jarraian, federaziotik deitu ninduten berria emanez. Baina astelehenean mezu bat bidali zidaten Amenabarreko jokalariek nirekin hitz egin nahi zutela esanez, eta asteartean haietako bostekin geratu nintzen. Zazpi urte zirela eta aurpegi aldaketa bat nahi zutela esan zidaten. Egia da ni neu ere pixka bat erreta nengoela, baina beste urtebete jarraitzeko asmoa erakutsi nuen. Sorpresaz harrapatu ninduen. Izan ere, ideia eginda geneukan, eta denboraldi-aurrea prestatzeko hitz egiten ari ginen jada, baita atezainik gabe geratzen ginela eta nola heldu fitxaketa horiei ere. Baina taldeak aldaketa bat nahi badu, onartu egin behar duzu, ni neu ere jokalaria izan bainaiz. Beraz, orain aldendu egingo naiz pixka bat, haizea hartuko dut, eta denborarekin itzuliko naiz.

Jokalariei antzematen al zenien zerbait?
Hasiera batean, ez. Haiek ikusten zuten oso nekatuta nengoela, azken urteak oso gogorrak izan direlako mailari eusteko borroka horretan. Baina horretarako akuilua atera egin behar da, eta mantendu nahi horrek tentsioa handitzen dizu, entrenamenduetan oihu gehiago eginez. Eta, agian, jokalari batzuk ez daude ohituta horretara. Baina emaitzak lortu behar bagenituen, horrela jokatu behar nuela uste nuen. Azkenean, maila mantentzea lortu dugu... Horrela jokatu izan ez banu, agian mailaz jaitsiko ginen eta jokalariek ez zuten aldaketarik nahi izango? Baina nik uste dut Ohorezko Zilarrezko Mailan jarraitzea merezi genuela. Egia esan, azken bi denboraldiak oso antzekoak izan dira, eta, azkenean, estres maila batera iristen zara. Eta nik ere ulertzen diet haiei, jokalari izan naizen aldetik, aldaketa bat nahi izatea. Gero, ikusi beharko da emaitzak zeintzuk diren.

Jokalariek huts egin dizuten sentipena al duzu?
Bat-batean, ez. Agian, zu zeu ere erreta zaude, eta haien erabakia onartu egiten duzu. Gero, hotzean pentsatuta, arantza hori  geratzen zaizu. Azken partidaren aurretik hori hala pentsatuta izan balute, eta jokalari batzuri agurra egin zitzaien bezala, nik neuk ere beste modu batera agur esateko aukera merezi nuela iruditzen zait. Baina ez dakit aurrez hartuta zuten ala azken astean erabaki zuten. Hori beraiei galdetu beharko zaie. Zazpi urte izan dira, eta taldea kategorian mantendu dugu. Musu-truk aritu naiz beti, eta orain ikusiko dugu etortzen den entrenatzaile berria hala etorriko den ala ez. Erabaki nahiko zaila izango da Zarauzko Eskubaloiko zuzendaritzarentzat ere; izan ere, aldaketa egitea jokalariek erabaki dute, eta ez zuzendaritzak.

Zure inguruan nola jaso dute erabaki hori?
Nahiko arraroa dirudi guztiak. Herrian ere jende askok ez du ulertzen jokalarien jarrera, eta zuzendaritzak ere zerbait esan beharko lukeela pentsatzen du. Edonola ere, jokalariek hala nahi dute, eta nik erabaki dut baztertzea, ez baitut nahi denboraldi-aurrea abiatzea jende batek zuk jarraitzerik ez baldin badu nahi edo aldaketa nahi badu. Beraz, hor dago zurrunbiloa: nork duen errua eta nork ez, nola jokatu behar zen edo nola ez... Nik egindako lana hor dago, eta entrenatzaile bakarra izan naiz Asobal ligarako igoera fasea jokatzeko aukera izan duena, duela bost urte. Estatistikak eta emaitzak hor daude, eta zilarrezko intsignia eta domina ematearen arrazoia horregatik izango dela pentsatzen dut.

Azken finean, Amenabar Zarautz harrobiko talde bat da, eta hor goian mantentzea ere ez da erraza izango, ezta?
Hori da. Agian, zilarrezko mailan mantentzeko nire grinak eragin du nik entrenatzaile gisa ez jarraitzea. Baina klubak aldunditik diru laguntza handiagoa jasotzen du zilarrezko mailan egonda, eta Zarauzko Eskubaloiari ekarpen garrantzitsua egiten dio gainerako taldeetara bideratzeko. Horrez gain, Eneko Goenaga eta Mikel Amilibia jokalariak junior mailako Espainiako selekzioarekin ari dira, eta haiei ere esaten nien oso garrantzitsua zela kategoria honetan lehiatzea; izan ere, mailaz jaitsiz gero, erakusleihoan ez lirateke egongo eta beraientzako ere aukera bat galduko litzateke. Faktore asko sartzen dira hor jokoan.

Entrenatzaile gisa ez, baina eskubaloiaz gozatzen jarraituko duzu, ezta?
Hor izango naiz Amenabarren partida guztietan. Hemendik aurrera, ordea, lasaiago. Hamar egun baino ez neuzkan hartuta oporretarako, denboraldi-aurreari ekin behar geniolako. Orain, oporraldiak luzatuko ditut, eta familiak ere eskertuko dit. Baina, zalantzarik gabe, Amenabarren partidak ikusiko ditut eta gertutik jarraituko ditut, jokalariak nire umeak bezala baitira. Ez diet ezer txarrik opa, ezta entrenatzaile berriari ere. Eta aholkuren bat eskatuz gero, inolako arazorik gabe emango diet.

Beharbada, eskaintzaren bat edo beste jasoko duzu orain.
Dagoeneko jaso ditut ia ofizialak  diren bi eskaintza, asteburuan. Hala ere, nire ogibidea nire enpresa da, eta eskubaloian ez dago dirurik. Benidorm taldera entrenatzaile laguntzaile gisa joateko esan didate, han lanpostu bat eskainiz, baina ezin dut nire familia nahiz enpresa utzi eta hara alde egin. Bestetik, aurten zilarrezko mailara igo den Santoña taldea entrenatzeko komentatu didate, baina ez naiz jarri haiekin harremanetan. Momentuz udaz gozatu nahi dut, iraila bitartean oxigenatu, eta zerbait etortzen bada, ikusiko dugu. Printzipioz, urtebete lasai bat hartu nahi dut, eta, agian, aprobetxatu entrenatzaile titulu nazionala ateratzeko. Baina eskaintzaren bat etorriko balitz, baloratuko nuke. Hori bai, kanpora joateko asmorik ez dut, baina Gipuzkoan bada, aztertuko nuke. Izan ere, eskubaloirako dudan grina handia da.