Miren Larrartek eta Itxaso Erasunek irabazi dute Emakumezkoen X. Paleta Txapelketa

Zarauzko Hitza 2018ko uzt. 18a, 20:31
Finaleko bi txapeldunak, Esteban Collantes, Iban San Martin, Ane Peñagarikano eta Irati Tolosarekin (Amaia Urbieta Arruti)

Bigarren postua Garazi Eizmendik eta Nahia Eizmendik eskuratu dute.

Hainbat herritar bildu dira Frontoi Txikin gaur arratsaldean, paleta txapelketako finalek erakarrita. Itxaso Erasunek eta Miren Larrartek irabazi dute finala, beraz, Garazi Eizmendi eta Nahia Eizmendirentzat izan da bigarren postua. Finaleko emaitza 30 eta 11koa izan da. Hirugarren, berriz, Garazi Urdangarin eta Ekhiñe Balerdi izan dira, Mirian Arrillaga eta Ane Arteagaren aurkako lehia irabazita, 30 eta 27ko markagailuarekin.

Finalak jokatu ostean, sari banaketaren aurretik, emakumeek kirolean duten lekuaren inguruko manifestua irakurri du Koldobike Muniainek. Ondoren, Ane Peñagarikanok bi bertso bota ditu. Bertso hauek osatzeko, jolas moduko bat proposatu diete ikusleei partidetan zehar. Pilota baten barruan zeuden papertxo batzuetan, emakumea eta kirola aipatzerakoan otutako hitzak idaztera gonbidatu dituzte ikusleak. Gero, Peñagarikano hitz horietaz baliatu da bertsoak botatzeko.