Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak eskerrak eman dizkie zarauztarrei

Zarauzko Hitza 2018ko abu. 13a, 11:31
(@aeccgipuzkoa)

Urteroko diru-bilketan eta golf txapelketa solidarioan, 8.000 euro baino gehiago bildu dituzte. Zarauzko Udalak 300 euroko ekarpena egingo du.

Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak (AECC) eskerrak eman dizkie zarauztarrei "haien eskuzabaltasunagatik". Izan ere, aurten 8.000 euro baino gehiago lortu dituzte urteroko diru-bilketaren eta golf txapelketa solidarioaren bidez. Jasotako diruari esker, elkarteak ikerketa onkologikoko proiektuak finantzatzen, minbiziadunei zein senideei babes programak bideratzen eta gaixotasunaren prebentziorako kanpainetan parte hartzen jarraituko du.

Aurten egindako bi eguneko diru-bilketan, guztira, 4.828,64 euro bildu zituzten. 30 boluntario inguruk hartu zuten parte, eta elkarteak eskerrak eman dizkie. Begoña Crespo Gipuzkoako AECCko presidentearen esanetan, "beste urte batez, bertakoen zein kanpokoen elkartasuna eta eskuzabaltasuna agerian geratu dira minbiziaren aurkako borrokan laguntzera gonbidatzen dituzunean".

Bestalde, abuztuaren 7an egindako golf txapelketa solidarioan 3.190 euro jaso ziren. Aurtengoa 22. edizioa izan da, eta Gipuzkoako AECCk eta Zarautz Golf Klubak antolatu zuten. Sari-banaketan izan zen Xabier Txurruka alkatea, eta Udalak 300 euroko ekarpena egingo duela iragarri zuen.

Erlazionatuak