Txapeldunaren taulak, Zarauztik

Amaia Urbieta Arruti 2018ko abe. 18a, 15:55

Gabriel Medinaren, egungo munduko surf txapeldunaren, taulak Zarautzen egiten ditu Johnny Cabianca brasildarrak. Urte asko daramatza taulagintzan, eta txikitatik ezagutzen du Medina

Johnny Cabiancak Hawaiien jokatutako surf txapelketa osoa gertutik jarraitu zuen astelehen gauean. 19:00etatik 02:00 ingurura arte egon zen emaitzaren zain. Hain zuzen ere, surfean munduko txapeldun suertatu zen Gabriel Medina surflariaren taulak egiten ditu Cabiancak, Abendaño industrialdean daukan tailerrean. Mikel Agoterekin batera, modu artisauan egiten du lan, eta atzo goiza tailerrean lanean igaro zuten biek, ospakizunak ospakizun. Cabiancak oraindik ezin izan du harremanetan jarri Medinarekin. «Ziur Hawaiien oraindik ez dela festa amaitu».

Brasilgo herri berekoak dira Gabriel Medina eta Jonny Cabianca, hain zuzen ere, San Sebastianekoak (Sao Paulo, Brasil). Gaztetatik ezagutu zuen Medina, bere aita-ordearekin zeukan laguntasunagatik. Herri horretan hasi zen, beraz, surflariaren eta taula-egilearen arteko harremana.

15 urte zituenean egin zion lehen taula, eta garai bertsuan hasi zen mundu mailan lehiatzen Medina gaztea. Harrezkero, surf taula pertsonalizatuagoak egin dizkio Cabiancak, eta Mikel Agote lankideak baieztatu duenez, «beste inork ezingo luke egin Medinaren oinetara horren ongi egokitutako oholik».
Urtean 110 taulatik gora egin ohi dizkio. Martxoan hasten da denboraldia Medinarentzat, eta Gabonetan opor egunak izango dituen arren, Cabianca urtarrileko denboraldi-aurrerako taulen prestaketan buru-belarri murgildua dago. 

Munduko fabrikatzaileen artean ezagunak dira Cabiancaren oholak. «Orain, Medinaren garaipenarekin, fabrikatzaileek ez ezik surflariek ere bilatuko naute, ziurrenik». Gehien bat surflari profesionalak dira Cabiancagana jotzen dutenak. «Maila altuko surflarientzako taulak egiten ditugu, xehetasun tekniko espezifikoak bilatzen dituztenentzat». Beste hainbat negoziotan gertatzen den moduan, surfeko oholen fabrikazioa ere «oso globalizatua» dagoela azaldu du Cabiancak. «Asiako merkatua oso indartsua da. Asko eragiten digu horrek guri, prezioen arteko aldeak oso handiak baitira. Gu ez gara ekoizle handiak, ez dugu asko produzitzen, baina ahalegin guztia egiten dugu sortzen dugun hori lehen mailako kalitatezkoa izan dadin». Bezeroarekin zuzenean hitz eginez egiten dute lan Agoteren eta Cabiancaren tailerrean, eta horrek «lan eta denbora asko eskatzen du».

Surfaren bilakaera

Orain, egindako lanak bere fruituak eman ditu. «Nire ustez Medina beste planeta batetik dator, gauza sinestezinak egiten ditu. Hala ere, punta-puntako kirolari gehiagok ere erabiltzen dituzte gure taulak, eta guztiek laguntzen digute aurrera egiten».  Euskal Herriko harrobia ere goraipatu du Cabiancak. «Helduagoak direnean ikusi beharko da nola egokitzen diren mundu mailako lehiara». Surflarien eboluzioa ere aipatu du. «Gaur egun, duela urte batzuk imajinatu ere ezin litezkeen akrobaziak egiten dira taula gainean». Azaldu duenez, horretara ere egokitzen jakin behar da, eta ondo eta ondo ari direla uste du Cabiancak.