75 urteko ibilbidea liburu batean jaso nahi du ZKEk

Zarauzko Hitza 2019ko urt. 11a, 13:30
75 urte beteko ditu ZKEk otsailaren 8an. (ZKE Halterofilia)

Aurten 75 urte beteko ditu Zarautz Kirol Elkarteak. Klubari eta orain arte egindako ibilbideari buruzko liburua idazteko asmoa dute, baina oraindik ez dute lan hau bere gain hartuko duen lan-taldea osatu. Horretarako kolaboratzaileak behar dituztela jakinarazi dute, eta "Zarauzko herriaren laguntza" ere "beharrezkoa" izango dela azpimarratu dute.

Aurten, otsailaren 8an hain zuzen ere, 75 urte beteko ditu Zarautz Kirol Elkarteak. "Historiaz betetako urte guzti horietan, ZKEk oihartzuna izan du Zarautz eta inguruetan". Dena den, klubaren iritziz, "nahiz eta zarauztar askoren buruan ZKEren inguruko milaka istorio egon, 75 urtez betetako ZKEren historia ez da inoiz liburu edo euskarri batean jaso".

Hau dela eta, ZKEren 75. urteurrenaren harira sortutako komisioa osatzen duten kideak Zarauzko pertsona desberdinekin harremanetan jarri ziren iaz, klubari eta orain arte egindako ibilbideari buruzko liburu bat egiteko ideia mahai gainean jartzeko eta "ardura hartzeko gonbita" luzatzeko. Dena den, komisioko kideek azaldu dutenez, "arrazoi ezberdinak medio", "inork ezin izan du konpromiso hori bere gain hartu".

Kolaboratzaileen beharra

Boluntario batzuk jada liburua sortzeko lanean hasi badira ere, komisioko kideek beharrezkotzat jo dute liburua egiteko lan-talde bat osatzea, "eta hori da ZKEk bilatzen duena"; "lan-talde horretako kide izan nahi duten pertsonak bilatzea". Egindako lana ordainduko dutela ere jakinarazi dute.

Bestalde, "Zarauzko herriaren laguntza" ere "beharrezkoa" izango dela azpimarratu dute, "bakoitzak bere esperientziatik dituen anekdoten, lorpenen eta momentu onen eta txarren berri emateko"; "horrek guztiak ahalbidetuko du ZKEren 75 urteko historia jasotzen duen liburua egitea".

Komisioko kideen arabera, ZKEren bulegoetan "dokumentazio ugari" aurki daiteke: "artxibo dokumentalak, albisteak, argazkiak eta abar". Liburua osatzeko material hori baliatu litekeela uste dute, eta informazio horren "gehigarri" gisa, "ZKEko protagonista izan diren pertsonen esperientzia edo bizipen pertsonalak elkarrizketa bidez jasotzea" "oso interesgarria" izan litekeela iritzi dute.

Liburua egingo duen lan-taldearen parte izateko interesa izanez gero, ZKErekin harremanetan jartzeko deia egin dute komisiokideek. Horretarako, ZKEren bulegotik pasa daitezke interesatuak, astelehenetik ostiralera 10:00etatik 14:00etara, edo 17:00etatik 19:00etara. Bestela, telefonoz deitzeko (943 831 464) edo e-maila bidaltzeko (zke-cdz@zarautz.com) aukera ere badute.