Maite Arruti: "Narrosko gela urdinaren interpretazio arrazionala egin dut"

Onintza Lete Arrieta 2019ko urt. 16a, 17:54
(Onintza Lete Arrieta)

Urdina zirudien gela ipuinari aipamen berezia egin dio 37. Lizardi Sariko epaimahaiak, eta Zarautzi buruzko ipuina argitaratu egingo dute. Julene Azpeitia saria ere poltsikoratu du.

Literatura zalea da Maite Arruti (Zarautz, 1964), betidanik idatzi izan du, eta herriko historia ere interesatzen zaio. Egunero ibiltzen ditu eskuetan Zarauzko artxibo zaharrak. Izan ere, Sanz Enean Kultura administraria da, eta artxiboko arduraduna ere bada. Orain gutxi animatu da aurreneko aldiz ipuin bat lehiaketara aurkeztera, eta Zumaiako Julene Azpeitia saria eskuratu du. Urrian izan zen hori, eta horrek animatu zuen Lizardi Sarira aurkeztera. Han, berriz, aipamen berezia egin diote Urdina zirudien gela lanarengatik.  

Poz berezia emango du Lizardi Sarietan 37 urtean aurreneko aldiz aipamen berezia norberak jasotzeak, ezta?
Egonezin bat ematen du, bai. Antza, epaimahaiak esan du nire ipuina helduagoentzat dela, baina bestalde, ondo islatu dudala 1895. urte inguruko Zarautz. Herria nolakoa zen, zer ohitura zeuden, zer janzkera, eta abar ondo jaso dudala ipuinean, eta horrek merezi zuela aipamen berezi bat eta herritarrek irakurri ahal izatea lana.

Hortaz, publikatu egingo dute?
Udalaren esku utzi zuten aukera hori, eta aste honetan esan didate baietz bezala, argitaratuko dutela.  

Zer kontatu dezakezu zure ipuinaz?
Zarautzi buruzko istorio askoren elkargune moduko bat da nire ipuina. Pista gehiegi eman gabe, esango nuke Narros jauregiko gela urdinaren interpretazio arrazional bat dela. Han zeudenek uste zuten fantasma bat zela, baina berez atzean oso ulerkorra den gertakari bat izan zen. Hori dena azaltzeko istorioan agertzen da neska baserritar bat, eta bere egun bat kontatzen dut. Eta han batzen dira Gustav-en istorioa, Villa Mundako Velasco doktorearen istorioa, balearen istorioa eta gela urdinarena. Horrez gain, deskribatu dut garaiko Zarautz: herrian nola bizi ziren; udatiarrak; Gran Hotelaren funtzionamendua; zeinen desberdina zen herritarren eta kanpotarren bizitza, eta abar.

Ideia horrek badu abiapunturen bat?
Kultura Sailean eta Liburutegian ikusten genuen belaunaldi berriek gauza gutxi dakitela Zarautzi buruz; nolakoa zen arkitektonikoki, fisikoki, geografikoki, ohiturei dagokienez, janzkerari dagokionez... Hala, duela pare bat urte Zarautzi buruz liburuxka batzuk argitaratzeko beharra sentitu zuen Liburutegiak. Mathilde Van Eys udatiarrak Zarautzi buruz egindako deskribapenen lana argitaratu zen. Horren ondoren, pentsatu zen Narroseko gela urdina deiturikoaz egin zitekeela zerbait. Eta horixe da nire ipuinaren abiapuntua. Pentsatu nuen polita izango litzatekeela ipuin berean biltzea kronologikoki gertu zeuden hainbat gertakari.

Erraz eskuratu al duzu informazioa eta dokumentazioa ipuina osatzeko?
Gauza batzuk neuk banezkien, eta gainerakoak liburuetan begiratuta jakin ditut. Dokumentazio lana egin dut. Azken batean, lanean ohituta nago mota horretako dokumentuak ikustera, eta beti hitz egiten dugu horrelako gauzez ere. Zarauzko artxiboa neuk eramaten dut, eta jende asko etortzen da argazki zaharrak eskatzera ere; herritarrek gauza asko kontatzen dute lehengo garaiez, eta horrek ere aberastu egiten zaitu.  

Bizitzan aurreneko aldiz bi lehiaketara aurkeztu, eta bietan saritu zaituzte.
Bai. Nire aurreneko debuta Julene Azpeitia sarian izan zen. Inori ezer esan gabe aurkeztu nintzen, neure gauza bat zelako eta ez nuelako espero ezer lortzerik han. Aurkeztu eta irabazi ondoren, pentsatu nuen agian nire ipuinek bazutela interesen bat besteentzat, eta agian ez nuela hain gaizki egiten. Horrek animatu ninduen Lizardi Sarira aurkeztera; orduan ere ez nion inori ezer esan, eta gero teknikariak deitu zidan, sekulako ezustekoa hartu zuelako gutunazala ireki eta nire izena irakurtzean.

Betidanik idazten duenetakoa zara?
Beti gustatu izan zait idaztea, eta beti idatzi izan dut, baina fundamentu handirik gabe. Baina laugarren hizkuntz eskakizuna prestatzen aritu nintzenean, astero idazlanak egin behar izaten genituen, eta hor sartu zitzaidan harra, lehen nuena baino gehiago. Orduan hasi nintzen idatzitakoa gordetzen eta testuak ondo lantzen.

Orain baduzu zerbait buruan?
Bai, beti aritzen naiz idazten, eta orain ere badut zerbait esku artean.

Erlazionatuak