Itsas Kapitaintzak itsasoratzeko baimena ukatu dio 'Aita Mari' salbamendu ontziari

Urola Kostako Hitza 2019ko urt. 18a, 19:42
'Aita Mari' ontziaren aurkezpena, urrian, Getarian. (Maria Maya Manterola)

Aita Mari itsasontziak ezingo du datozen egunetan itsasoratu Mediterraneora joateko, Itsas Kapitaintzak ukatu egin dio baimena. Euskal Herriko Itsas Salbamendu Humanitarioa eta ProemAid gobernuz kanpoko erakundeek kudeatzen dute ontzia.

Mediterraneora salbamendu lanak egitera joateko itsasoratzeko baimenak lortu ezinda ibili dira Aita Mari itsasontziko arduradunak. Berria.eus-ek jakinarazi duenez, gaur arratsaldean baieztatu dute Itsas Kapitaintzak ukatu egin diela itsasoratzeko baimena, eta eragotzi egiten duela horrek haien misioa. Hala ere, erabaki horren kontra helegitea aurkez daitekeela adierazi dute, eta abokatuak aztertzen ari dira zer pauso eman. Zer asmo dituzten adierazteko bihar agerraldia egingo dute. Pasaiako kaian (Gipuzkoa) dago gaur egun itsasontzia.

Euskal Herriko Itsas Salbamendu Humanitarioa eta ProemAid gobernuz kanpoko erakundeek itsasoratuko dute Aita Mari ontzia. Egunotan itsasoratzeko asmoa zuten, eta aurretik bedeinkatu egin zuten. Hain zuzen ere, joan den igandean Felix Azurmendi Azkoitiko erretoreak eman zion bedeinkapena ontziari, Azkoitiko Esku Bidez taldeak lagunduta.

Aita Mari ontzia pertsonen salbamendurako egokitu aurretik Getarian baxurako arrantzarako erabilitakoa da; 32 metroko luzera du eta Pasaiako Kai-Alde ontziolan eraberritu dute. Ontziak ospitale materiala eramatea du asmoa erreskatatutako pertsonen beharrei erantzuteko. Ontzia joan zen abuztuan itsasoan egotea espero zuten proiektuaren bultzatzaileek, baina atzeratzen joan da haren itsasoratzea, besteak beste, Espainiako Gobernuak eman beharreko baimenak tarteko.