Eulenek otsailaren 2an abiatuko du denboraldi berria

Zarauzko hitza 2019ko urt. 25a, 15:30
10 txirrindulari izango dira otsaileko lehenengo probetan. (Eulen taldea)

Ipar Euskal Herrian ekingo diote denboraldiari, Pirineo atlantiarretan jokatzen duten Léssor Basque lehiaketan. Egun, 10 txirrindularik osatzen dute taldea.

Aurredenboraldiaren azken txanpan sartu dira Eulen txirrindularitza taldekoak. Abenduan osatu zuten talde berria, eta denboraldi honetan 14 txirrindulari izatea aurreikusten zutela jakinarazi zuten, iaz baino bi gehiago.

Otsaila hasieran denboraldi berria abiatuko dute Eulenekoek, Pirineo atlantiarretan jokatzen duten Léssor Basque lehiaketan. Otsailaren 2an, larunbata, Tarnous-Boucau lasterketan hartuko dute parte, eta otsailaren 3an, igandea, Cambo-Came ibilbidean. Hurrengo asteburuan ere jarraipena emango diete probei; 9an St. Jean Pieden izango dira, eta 10ean, Mauleonen.

Léssor Basque-ko jardunaldietan taldeko 10 txirrindularik hartuko dute parte: Haritz Erasunek, Gaizka Gurrutxagak, Azkarate anaiek, Joseba Lopezek, Jon Ibarluzeak, Sarasola anaiek, Mikel Jakak eta Aritz Kortabarriak.

Ondoren, Bidasoako itzulian eta Nafarroako itzulian izango dira Eulenekoak, eta gero, Piemonteko tourrean, Landeseko tourrean eta Espainiako kopako hiru probetan.