'Gure askatasun preziatua' hitzaldia izango da ostegunean Ikastolan

Zarauzko Hitza 2019ko urt. 28a, 11:14
Salbatore Mitxelena Ikastolan antolatu dute 'Zaindu maite duzun hori' zikloa. (Amaia Urbieta Arruti)

Zaindu maite duzun hori zikloaren barruan antolatu dute hitzaldia, eta Ane Ablanedok emango du. "Haurren askatasunaren arduradun bezala, finki zaindu behar dugu helduok tresna preziatu horren kudeaketa".

Salbatore Mitxelena Ikastolak hiru saio antolatu ditu Zaindu maite duzun hori zikloaren barruan. Abenduaren 19an, Euskara familia giroan goxatuta etxekoagoa, gureagoa delako hitzaldia eskaini zuen Paula Casaresek, eta aste honetako saioan, Ane Ablanedo Bigarren Hezkuntzako eta Unibertsitateko irakasleak hartuko du hitza.

Urtarrilaren 31n, osteguna, izango da hitzaldia; Gure askatasun preziatua izenpean. Ablanedok helduek haurrei ezarri beharreko mugez eta askatasunaz hitz egingo du: "Askatasunaren printzipioen arabera gidatua denean hartzen du bizitzak benetako duintasuna. Haurren askatasunaren arduradun bezala, finki zaindu behar dugu heldiok tresna preziatu horren kudeaketa".

18:00etan hasiko da osteguneko saioa, Ikastolako aretoan. Bestalde, otsailaren 14an ere jarraipena emango diote zikloari; Haurtzaroaren garrantzia bizitzan: elikaduraren eta loaren bidez ongizatearen haziak hitzaldia eskainiko du Miren Camisonek.