"Gizon askorentzat beldurgarria da gizonez osatutako inguru bat"

Amaia Urbieta Arruti 2019ko urt. 31a, 10:23

IƱaki Zulaika eta Axi Baglietto. (Amaia Urbieta Arruti)

Duela hamar urte baino gehiago sortu zen Toka gizon taldea. Hilero, Antonianoko psikomotrizitate gelan elkartzen dira gizontasunaren inguruko hausnarketak "gune seguru" batean elkarbanatzeko.

Toka gizon taldeko kideak dira Axier Baglietto (Zarautz, 1975) eta Iñaki Zulaika (Getaria, 1977). Zarauzko Udalarekin elkarlanean, gizontasunaren inguruko lanketa egiteko saioak antolatu dituzte otsailean eta martxoan. Horretarako, otsailaren 5a baino lehen izena eman beharko da, tokagizontaldea@gmail.com helbide elektronikora idatzita.

Zergatik sortu zen Toka?
Axier Baglietto: Duela 10 urte inguru Zarauzko mugimendu feministak udalari proposatu zion berdintasunaren bidean gizonentzako zerbait antolatzeko.  Ekimen horren harira, hamar gizon inguru elkartzen hasi ginen Zuberoa kalean Zarauzko Udalak dituen lokaletako batean, Ibon Arrizabalagak zuzendutako saioetan.

Horrela sortu zen Toka, mugimendu feministak somatzen zuen hutsune batetik abiatuta. Zein zen hutsune hori?
Iñaki Zulaika: Matxismoak batzuei gauza batzuk kentzen dizkie, eta beste batzuei gainjarri. Desoreka era desberdinean ematen da genero bakoitzean. Emakumeek borrokatu behar dute arlo batzuetan, espazio jakin batzuk aldarrikatu eta irabazteko: espazio publikoa, laborala, entzunak izatea... Hori guztia orain arte gizonen eremua izan da. Gizonon kasuan, intimitatea, sentimenduekiko konexioa, alderdi emozionala... ukatu zaizkigu. Hori kentzea ere bizitzaren puska eder bat lapurtzea da, eta hortaz kontziente izatea kosta egiten da. Txikitatik ezarritako rola betetzen bazoaz automata baten moduan, iraultza txiki hori egitea, eta esatea barrura begira egingo duzula lan, asko kostatzen da.

Zer egiten da gizon talde batean?
I.Z.: Niri oso zaila gertatzen zait gizon talde bat zer den azaltzea gizon bati. Lehenengo aldiz etortzen den norbaitek izan ditzake hainbat mamu, homofoboak edo beste hainbat motatakoak. «Zer demontre egingo ote dute hor?», pentsa dezake. Erresistentzia handiak egon ohi dira, ez garelako kontziente ukatu zaizkigun behar horietaz.

A.B.: Gizon gehienentzat gizon inguru bat beldurgarria gertatzen da.

I.Z.: Gu txiki-txikitatik hezi gara elkarri oihuka, ahulena zapaltzen, eremuak era agresiboan markatzen... Hor espazio segururik eta goxotasunik ez dago.

Normalean, gugana datorren  gizon perfilak ez du eredu horrekin bat egiten, badaki zerbait ez dagoela ondo. Azaldutako ereduarekin eroso dagoen gizona ez da gerturatuko gizon talde batera. Are gehiago, aurrena izango da taldea ulertuko ez duena eta barre egingo diona.

Gizon artean goxo egoteko eredua ez da existitzen, orduan, ez dakizu zer den horrelako zerbait edukitzea, ez duzulako faltan botatzen. Gizonez bakarrik osatutako taldeak lehiakortasunean oinarrituak daude, jerarkiak dira, eta ahulenak asko sufritzen du. Horretaz ohartzen dena, prest dago gizon taldera etortzeko urrunetik etorrita ere: Elgoibartik, Oñatitik edo Azpeititik etortzen den jendea dago, besteak beste.

Hamar urteko ibilbidean nolako bilakaera izan du zuen jardunak?
A.B.: Nolabait, gizonok ere gure bidea egiten hasi gara. Oraindik, ordea, bide hori nondik nora doan topatzen gabiltza. Hamar urtean irautea ahalbidetu diguna batez ere izan da gizonoi elkartzeak zer on egiten digun ohartzea. Ederra da betiko maskara horiek kendu eta bakoitzak dauzkagun behar emozionalak elkarrekin partekatu ahal izatea. Gakoa izan da gure burua eta taldea aldi berean zaintzea, nolabait sentitzeko gune benetan humano bat dela.

Emakume taldeak ia herri guztietan daude gaur egun. Zergatik uste duzue kostatzen dela gehiago gizonak saretzea?
A.B.: Gizon taldeak egon badaude, baina ez dute zarata handirik ateratzen, hautu propioz. Duela hogei urte inguru hasi ziren Euskal Herrian martxan jartzen, eta, horren aurretik, munduko beste hainbat txokotan ere bazegoen mugimendua. Hori bai, oso tantaka sortu dira; emakume taldeekin alderatuta, kopuru askoz txikiagoan. Baina ibilbide bat badago eta zenbait taldek urteak daramatzagu lanean; Gasteizen, esaterako, bost talde daude, Iruñean hiru…

Ikastetxeetan lan egiten dut nik, eta neskek eta mutilek oso desberdin jasotzen dute gai hau. Mutilek berdintasunaz arituko garela entzuten dutenean senti dezakete erraz epaituko dituztela. «Nahiko berdinzalea izango ote naiz?», pentsa dezake batek. Erruaren oihartzuna oso indartsua da.
Bestalde, emozioen, sentimenduen eta intimitatearen munduak zaurgarri bihurtzen gaitu, eta ez dute horren premiarik sumatzen askok. Emakumeen kasuan oso agerian jarri du mugimendu feministak egun bizi den egoera eraldatu behar dela. Gizon askok berezkotzat daukate emoziorik eza, zaintzaz ez arduratzea, isolatuta eta etsita egotea... hori kontu pertsonal bat izango balitz bezala. Gabezia horiek ikusaraztea askoz zailagoa da.

Zer egin behar da behin ezarri zioten rol horretan eroso dagoen gizon batek hausnarketa hori egin dezan?
A.B.: Ertz asko dituen gai bat da. Gizon taldeen eta mugimendu feministaren arteko elkarlanak zailtasunak eta gorabeherak ere igaro ditu bere ibilbidean zehar, eta guk badakigu pankarta batekin kalera ateratzen bagara hauspo handia emango diotela gertaerari hedabideek. Badakigu emakumeek izan behar dutela zentralitatea borroka feministan.

Bestalde, pentsatu behar da eraldaketa soziala planteatzeko moduak zerikusi handia daukala gai honetan. Desberdina da lana kanpora edo barrura begira egitea. Lehen lana kanpora begira egitearen aldekoa nintzen, baina hamar urte hauen ondoren, uste dut zentzua duen lana norberak bere buruarekin eta inguruarekin egiten duena dela. Hori da benetan aldatu dezakeguna.

I.Z.: Zauri handi bat zabalik dago aspalditik genero maskulinoaren eta femeninoaren artean. Sistemarekin eroso dagoen gizon bat oso boteredun izan daiteke esparru batzuetan, baina oso justukoa beste batzuetan. Gizon horri zauriaren zati baten ardura pasatzen bazaio era agresibo eta kulpabilizatzailean, eta ez bazaio esaten berak prozesu honetan zein onura jaso ditzakeen, ez da emaitza onik lortuko. Horrelako pertsonak itxi egiten dira eta, gainera, erreakzionatu egiten dute. VOX alderdiarekin gertatzen ari dena ikustea besterik ez dago.

Bagliettoren eta Zulaikaren hitzez gain, gizon taldeko beste hainbat kidek ere badute zeresanik. Jarraian daude hirakurgai daude haietako zenbait.

Jokin B.L. 38 urte: "Gizonekin eta gizon artean modu aske baten harremandu ahal izateko tokia da niretzako Toka. Nire zatirik ahulenetik zein indartsuenetik berdin-berdin agertu naitekeen toki bat. Norberak probatu arte ez dago jakiterik zeri buruz ari naizen".

Xabi E.M. 56 urte: "Niretzat Toka askatasunetik eta errespetutik adierazteko aukera bat da, guztia maitasunez adierazten den ikasketa prozesu bat. Ikuspuntu desberdinetatik begiratzen ikasten dut, tolerantzia manifestatuz. Eskerrik asko".

Manex B.A. 41 urte: "Niretzat Toka errespetuzko eta maitasunezko espazio bat da, non hauskor izatea ospatzen den eta otso izatea gozatzen den. Eskerrik asko hor egoteagatik!"

Diego F.G. 30 urte: "Niretzat Toka garrantzitsua da, askatasunez adierazi baitezaket barren-barrenean dudana, kanpotik epaitua izango naizenaren kezkarik gabe. Ni izan naiteke eta naizen hori aurkitzen saiatu adierazpen askatasunari esker. Hori guztia gizon artean, eta normalean, gizon artean gehiago kostatzen zait ni izatea. Lotsagatik, konplejuengatik, beldurragatik edo lehiakortasunagatik. Eskerrik asko denei".

Izan A.I. 46 urte: "Niretzat Toka gure arteko harremanak lantzen dituen errespetuzko taldea da.
Lan pertsonala, partekatzea, gure arazoak edo emozioei leku egiten diogun talde sendo bat.
Gizon artean bizia, askatasuna, maitasuna eta indarra garatzeko leku aproposa".

Iker I. 31 urte: "Gizonok ditugun barne eztabaidak ateratzeko espazio babestua eta zaindua, konfidantzazkoa eta epaitua izateko beldurrik sortzen ez duena. Harremanetan oinarritua, elkarri entzunaz ikasteko gune ireki bat".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide