Neguetxearen itxieraren harira, bilera irekia deitu du Dandak

Zarauzko Hitza 2019ko urt. 31a, 10:45
Igandean izango da bilera, Putzuzulo gaztetxean.

Neguetxearen itxierari "berehalako erantzun bat" eman behar zaiola iritzita, igande arratsalderako bilera irekia deitu du gazte asanbladak, eta bertaratzeko dei egin dio "zarauztar orori". "Ezin dugu onartu inork kalean lo egin behar izatea". Hona hemen komunikatua osorik.

Azken urteetan, Zarauzko Udalak Monte Albertia ondoko Etxe Txikian ireki izan du etxerik ez duten pertsonentzat aterpea, neguan gaua bertan pasatu ahal izateko. Aurten, ordea, ez irekitzea erabaki dute, eraikina "leku aproposa" ez dela eta Zarautzen ez dutela Neguetxea kokatzeko beste "leku aproposik" topatu argudiatuta.

Erabakiak hautsak harrotu ditu herrian, baita eztabaida sortu ere. Danda gazte asanbladak bilera irekia deitu du iganderako, otsailak 3, Neguetxearen itxierari "berehalako erantzun bat" eman behar zaiola iritzita.

Hona hemen Dandaren komunikatua osorik:

"Aurten ez da Neguetxerik egongo Zarautzen udalak ez duelako "leku aproposik" aurkitu, eta hortaz, kale gorrian igaro beharko du negua ere etxerik ez duenak.

Egoera honen aurrean, honako hau adierazi nahi genuke:

  • Berehalako erantzun bat eman behar zaio honi. Ezin dugu onartu inork kalean lo egin behar izatea. Udalari eta gainontzeko instituzio publikoei itxaron gabe, guztiok ohe eta aterpe bat izatea bermatu behar dugu. Sistemak sortzen dituen arazoei kolektiboki heltzea dagokigu.
  • Aurrera begira, karitatetik baino, desjabetuon elkartasuna saretuz eta elkarrekin antolatuz, arazoei kolektiboki erantzuteko beharra ikusten dugu. Karitateak ohe bat eskaini ahalko du behin, baina ez du biharko gaua ziurtatuko.

Horregatik, igande honetan, otsailak 3, 17:00etan Putzuzulo gaztetxean bilera irekia deitzen du Danda gazte asanbladak, eta dei egiten dio zarauztar orori bilerara etor dadin.

Mundua ez da era horretan aldatzen,
pertsonen harremanak ez dira hobetzen,
esplotazio-aroa ez da horrela laburtzen,
baina gau batez pertsona batzuek ohea dute".