Alokairu publikoa eta laneratzea, EH Bilduren aurrekontuetarako proposamenen artean

Zarauzko Hitza 2019ko ots. 13a, 10:51
Udal Gobernuak proposatutako aurrekontuei zenbait ekarpen egin dizkio EH Bilduk. (Amaia Urbieta Arruti)

Zarauzko Udal Gobernuak proposatutako aurrekontuei hainbat ekarpen egin dizkie EH Bilduk. Besteak beste, etxebizitzen alokairu publikoa, emakumeen eta gazteen enplegua eta kultura sustatzeko partidak ezinbestekotzat jo ditu koalizioak. Bi milioitik gorako proposamena egin diote Udal Gobernuari.

EH Bildu urtarrila amaieran bildu zen EAJ alderdiarekin, Zarauzko aurrekontuei buruz hitz egiteko. Koalizioaren arabera, "akordioetara iristeko borondatea" erakutsi zuten bi taldeek. Udal Gobernuak proposatutako aurrekontuetan "zarauztar guztion ongizatea hobetzeko eta herritarrak erdigunean jarriko dituen" zenbait neurri txertatzeko eskatu du EH Bilduk. Neurri horiek onartuz gero, "aurrekontuak babesteko pausoa emateko prest" agertu dira koalizioko kideak.

EH Bildu ados dago Udal Gobernuak proposatutako inbertsio askorekin, eta babesa eskaini diete aurreko hilabeteetako osoko bilkuretan. Dena den, desadostasuna adierazi zuten hainbat partidatan egindako aldaketekin. Ordenantza fiskalei aurkako botoa eman zien koalizioak. "Inbertsioen gehiengoa iragan urteetatik adostuta eta bideratuta datorren arren, ausardia gehiago eta eskura dituen baliabideekin neurri egingarriak martxan jartzeko eskatu diogu Gobernuari azken egunotan", azaldu dute.

2019ko udal aurrekontuak "hobetzeko" 2.457.000 euroko proposamena egin du koalizioak. Guztira, 32 proposamen luzatu ditu, 12 arlo ezberdinetan. Ekarpen nagusia etxebizitza arloan egin dute. Alokairu programak sustatzeko, etxebizitzak birgaitzeko, etxebizitza hutsei buruzko azterketa egiteko, kooperatiba elkarteen sustapenerako eta alokairu publikorako lurren erosketarako 620.000 euro bideratzea proposatu dute.

Kultura arloan, Santa Klara erosteko lehen pauso bezala, 100.000 euroko funtsa zabaltzeko proposatu du EH Bilduk. Horrez gain, Kultur mahaia berrabiarazteko eta herriko elkarteei eta jai eta jarduerak antolatzen dituztenei zuzendutako partidekin, guztira, kultura arloan 180.000 euroko proposamena egin dute. "Ez dugu ulertzen nola beste urte batez Udal Gobernuak ez duen aurreikusi Santa Klararen erosketarako partidarik. Zarautzen sekulako gabezia dugu kultur ekipamendu aldetik eta udal gobernuak ez du inongo aurreikuspenik egin arlo horretan".

Parekidetasun arloan, beharrezkotzat jo dute batxilergoan indarkeria matxistaren kontrako ikastaro programa pilotua abiatzea eta patio hezkidetzaileak sustatzeko pausoak ematea. Memoria eta elkarbizitzan, berriz, eskubide urraketen dokumentazio lana eta herritarren parte hartzerako foroak proposatu dituzte.

Beste hainbat proposamen

32 proposameneko zerrenda aurkeztu du koalizioak. Horien artean, zakarrontzi selektiboaren garrantzia azpimarratu dute. "Legealdi osoan egin ez duten mugikortasun planari behingoz eusteko partida proposatu dugu, autorik gabeko familiei hiri-garraioan diru-laguntzak emateko partida aurreikusi dugu eta behingoz hizkuntza eskola abian jartzeko beharrezkoa den azterketa egiteko funtsa ere bai". Kirol mahaia sortzeko eskaera ere egin dute eta, "gazteei begira", emantzipazio proiektuak sustatzeko beka bat sortzea proposatu dute.

Akordiorako prestutasuna

2016ko aurrekontuak babestu egin zituen koalizioak, baina idatziz jasotako akordioa ez zela bete azaldu dute. "Urte batean egin beharreko egitasmo eta programen %40 inguru bakarrik jarri ziren martxan". EH Bilduk garbi dauka "bestelako berme batzuk, elkarlan bat eta gobernantza eredu bat beharrezkoak direla".

Bestalde, EH Bilduk urte hauetan guztietan "arduraz" jokatu izan duela eta oraingoan ere hala jokatuko duela azpimarratu dute. "Maila bera eskatzen diogu Gobernuari eta EAJri", gehitu dute.

Azkenik, akordiorako prestutasuna berretsi dute. "Prest gaude zarauztar guztientzako onuragarriak izango diren proposamen horiek negoziatzeko eta adostasunetara iristeko. Udal Gobernuak jaso du gure proposamena eta, beraz, bere erantzunaren zain gelditzen gara".