'Dantza' filmari buruzko argazki erakusketa irekiko dute bihar, Photomuseumen

Zarauzko Hitza 2019ko ots. 11a, 13:30
'Dantza'ren filmaketan ateratako 20 irudi bildu ditu Xabier Artolak. (Txintxua Films)

Xabier Artolak Dantzaren filmaketan ateratako argazkiak bildu eta Kameren aurrean dantzari: 'Dantza' filmeko argazki sorta bat erakusketa sortu du. Photomuseumen bihartik aurrera izango da ikusgai, martxoaren 19ra arte, eta filma ostegunean emango dute Zarautzen aurrenekoz, Modelo aretoan.

Ostegunean, otsailak 14, Zarauzko Modelo aretoan emango dute Telmo Esnal Zarauztarrak zuzendutako Dantza filma, 20:00etan. 15ean, 17an eta 18an ere izango da ikus-entzunezko lana ikusteko aukera, eta horrekin emango diote hasiera Modeloko otsaileko egitarauari. Txartelak unean bertan erosi beharko dira, aretoko txarteldegian.

Filma "tradizioari, lurrari, lurreko jendeari, mitoei eta ohiturei egindako abesti poetiko bat" dela azaldu du ekoizpenaz arduratu den Txintxua Films-ek. Xabier Artola argazkilaria filmaketan izan zen, eta bertan ateratako zenbait irudi bildu eta Kameren aurrean dantzari: 'Dantza' filmeko argazki sorta bat erakusketa sortu du.

Donostiako Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen eraikinean inauguratu zuten argazki bilduma, urtarrilean. Bihartik aurrera, asteartea, Zarauzko Photomuseumen izango da ikusgai, martxoaren 19ra arte. Asteartetik igandera irekitzen dute, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.