Neguetxe irekitzearen aldeko aldarrikapena kalera atera dute gaur ere

Zarauzko hitza 2019ko mar. 16a, 13:56

Larunbatero bezala, elkarretaratzea izan da udaletxe aurrean, Neguetxea irekiko dugu lemapean. Indar polizialen presentzia handia izan da, eta elkarretaratzean parte hartu duen kide bat eta kazetari bat identifikatu ditu Ertzaintzak.

Gaur, larunbata, Neguetxe irekitzearen aldeko aldarrikapena kalera atera dute berriz ere. Neguetxea irekiko dugu lemapean, dozenaka herritar elkartu dira udaletxe aurrean. Inor ez aterperik gabe eta Neguetxea ireki oihuak izan dira nagusi.

Indar polizialen presentzia handia izan da elkarretaratzea hasi baino lehenagotik, eta udaltzainak zein ertzainak bertaratu dira udaletxe aurrera. Bertan zen herritar bat eta kazetari bat identifikatzera behartu ditu Ertzaintzak.

Etxegabeei gauez aterpea ematen zien etxea, Neguetxe, aurten ez irekitzea erabaki zuen iaz Zarauzko Udalak. Ordundik, hainbat eta hainbat izan dira egoerak larrituta elkartu diren herritarrak, eta larunbatero egin dituzte Neguetxe irekitzearen aldeko elkarretaratzeak Lege Zaharren enparantzan. Aste honetan jakinarazi dutenez, ibilbide horretatik jaio da Geriza herri plataforma eta proiektua, Neguetxeren itxierari erantzuteko asmoz.