"Jaso dugu zuen mezua: ez da Neguetxea ez duzuela ireki nahi, indarrez mantendu nahi duzue itxita"

Zarauzko Hitza 2019ko mar. 17a, 12:36

Neguetxeren irekieraren aldeko mugimendua eta "eztabaida publikoa" "errepresioaren bidez isilarazten saiatu" izana salatu dute Geriza ekimeneko zenbait kidek. Larunbatero bezala, etxegabeei lotarako aterpea ematen zien eraikinaren irekiera aldarrikatzeko elkarretaratzea izan zen atzo, eta Ertzaintzak identifikatzera behartu zituen bertan zegoen kide bat eta kazetari bat. Gero, egunean zehar "jarraika" izan zituztela salatu dute.

Atzo, larunbata, Neguetxe irekitzearen aldeko aldarrikapena kalera atera zuten berriz. Neguetxea irekiko dugu lemapean, dozenaka herritar elkartu ziren udaletxe aurrean. Indar polizialen presentzia nabarmena izan zen hasieratik, eta Ertzaintzak identifikatzera behartu zituen elkarretaratzean zegoen kide bat eta kazetari bat.

Gaur, igandea, atzoko gertakariak salatu dituzte Geriza Zarauzko Neguetxearen aldeko ekimeneko zenbait kidek. Aurten Neguetxe ez irekitzeko Zarauzko Udalak hartutako erabakia ezagutzean, zenbait herritar biltzen hasi zirela azaldu dute, "egoerak larrituta". Ordundik, astero egin dituzte Neguetxe irekitzearen aldeko elkarretaratzeak. Udalarekin harremanetan jartzen saiatu zirela azaldu dute, "eskaera formal baten bidez".

Udalaren erantzuna

Dena den, "atzora arte" ez dutela inolako erantzunik jaso adierazi dute: "Atzo izan genuen aurrenekoz udalaren berri gai honi dagokionez: dozena erdi ertzain agertu zitzaizkigun kontzentrazioaren orduan, eta bi pertsona identifikatu zituzten mehatxupean". "Gero, egun osoan
zehar izan genituen jarraika", gehitu dute.

"Horrek, gure ustez, argi erakutsi du udalak ez duela utziko Neguetxeari buruzko eztabaida publikoki eman dadin. Aurreko bost asteetan egindako kontzentrazio eta ekintzetan ez da horrelarik gertatu, baina herritarrengan kontzientzia eta inplikaziorako beharra zabaltzen hasi bezain laster, errepresioaren bidez isilarazten saiatu dira", azaldu dute Gerizako kideek. "Jaso dugu zuen mezua: ez da Neguetxea ez duzuela ireki nahi, indarrez mantendu nahi duzue itxita".

"Nola defendatuko duzue zuen jarrera errepresioaren bidez ez bada? Zuen postal-herri honen atzean ezkutatzen da errealitatearen gordina: hogeita hamar oheko etxe bat itxiz, hogeita hamar pertsona gehiago kale gorrira kondenatu dituzue. Bestalde, makina bat etxe huts ere badaude Zarautzen, baina errentagarriagoa da horiek erabili beharrean, etengabe berriak eraikitzea. Errentagarria eta produktiboa ez dena, aldiz, gutxietsia eta alboratua da. Hori da etxegabeen egoera. Hau da sistema kapitalista".

Etxegabeek bizi duten "etengabeko jazarpena" ere salatu dute gaurko agerraldian: leku publikoetatik botatzen dituzte, duten apur-apurra kentzen diete eta bizitzeko era guztietako zailtasunak jartzen zaizkie". "Hori zuzenean erakusten dute Gloria Vazquez Gizarte Zerbitzuen
saileko arduradunaren honako hitzek, Neguetxeari erreferentzia eginez: "Inork ez du horrelako leku bat ondoan izan nahi". Publikoki hori esateko kapaz denak zer ez ote du egingo isilpean?", gaineratu dute.

Dena den, beren "hautua berresten" dutela adierazi dute Gerizako kideek. "Atzokoak instituzioen borondate faltaz eduki genitzakeen zalantza guztiak argitu zituen: geratzen zaigun aukera bakarra arazoari geuk heltzea eta kolektiboki erantzutea da".

Bestalde, eskerrak eman dizkiete "orain arte gugana hurbildu diren guztiei", eta dei egin diete "hemendik aurrerakoetan ere parte hartzera". "Hau ez da hemen bukatu, borrokan jarraituko dugu".

Atzo, larunbata, Artea proiektua, Gernikako Eztena, Irungo Harrera Sarea eta Txantxarrekako esperientzia ezagutzeko mahai-ingurua izan zen Putzuzulon, Geriza ekimenaren eskutik.