Parrilan egindako txuletarik onena, Tuterakoa

Amaia Urbieta Arruti 2019ko mar. 31a, 14:19

Gaur goizean izan da Zarautz Parrilanen bigarren eta azken txapelketa. Euskal Herriko txoko desberdinetatik etorritako hamar parrilarik txuletak prestatu dituzte, eta epaimahaiaren arabera, Tuterako Casa Lola jatetxeko Carlos Corralek prestatu du ondoen.

Hunkituta jaso dute berria Tuterako Casa Lola erretegiko ordezkariek. Zarautz Parrilaneko haragi txapelketako irabazleak izan dira eta Carlos Corral parrilariak gertukoei eta familiakoei eskaini die saria. Sekretuaz galdetzean, "maitasunez" egin duela esan du.

Goiz osoan zehar aritu dira Euskal Herriko txoko desberdinetatik etorritako parrilariak txuletak prestatzen. Atzo bezala, epaimahai profesionalak eta herri epaimahaiak izan dute txuletak dastatzeko aukera. Zehazki, ondokoak izan dira parte hartu duten parrilariak: Ana Mari erretegitik Unai Paulis, Saizar erretegitik Ramon Lertxundik, Amaren erretegitik Aitor Del Olmok, Txakoli Simonetik Oskar Gartzia, La Despensa del Zabalatik Juan Gil Ruiz, La Casa de Napoleonetik Erick Motrales, Baldorba Sagardotegitik Aingeru Larrasoaña, Casa Lolatik Carlos Corral, Txopinondo Sagardotegitik Dominique Lagdec eta Donibane Lohizuneko Maison Hoteletik Sergio Meylou.

Festa ez da amaitu

Behin txapelketa amaitutakoan, Merkatu Plazan bazkaria egin dute, nola ez, parrilan egindako janaria protagonista izan delarik. Bitartean, atzo bezala, Lege Zaharren Enparantzan parrilan egindako pintxoak dastatzeko aukera izan da, eta arratsaldean, 18:00etatik aurrera, berriro izango da martxan.