Igerain aterpetxearen atzealdeko partzela bat lagako dio Aldundiak udalari, Eraztun Berde Urdina osatzeko

Amaia Urbieta Arruti 2019ko api. 2a, 08:30

Igerain aterpetxearen atzealdean dagoen eremuaren zati bat lagako dio Gipuzkoako Foru Aldundiak Zarauzko Udalari, Eraztun Berde Urdina guztiz osatzeko. Bestetik, Etxe Txikia etorkizunean Monte Albertia ikastetxeak erabiltzea dela asmoa ere aurreratu dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Sailak Zarauzko Udalari lagako dio Igerain aterpetxearen atzealdeko partzelaren zati bat. Zehazki, 734,33 metro koadroko partzela utziko dio, datozen 25 urteetarako. Tramitea biharko diputatuen kontseiluan onartuko dute Denis Itxasoren esanetan, eta asmoa, gune hori Eraztun Berde Urdina osatzeko erabiltzea da. Itxasok Gloria Vazquez Zarauzko Udaleko Ingurumen zinegotzia zoriondu du "bere proiektu ausartagatik".

Vazquez zinegotziak agerraldian azaldu du eremu hori dela Eraztun Berde Urdina osatzen hasi zirenean pentsatuta zeukaten ibilbidea osatzeko falta den bakarra. Bihar lagapena onartzen badute, martxan jarriko dute bidea txukuntzeko proiektua. Anbulategiaren atzetik eremu horretara pasatzeko dagoen hesia kenduko dute eta bide berria hesituko dute; Igerain errekastoa igarotzeko, berriz, zubi bat egingo dute. Vazquez zinegotziaren esanetan, EBU-a ez da ibilbide bat bakarrik, "natura zaintzeko proiektu bat" baizik. "Helburuak ingurumenari lotutakoak dira, eta horrez gain, turismoarekin edo kirolarekin lotutako hainbat proiektutarako baliagarria izan daiteke". Bestalde, "zarauztarrentzat" egindako proiektua dela azpimarratu du Ingurumen zinegotziak. "Harrera izugarri ona izan du proiektuak. Herritarrek ekarpen asko egin dituzte, eta bide hau amaitzean, 11,7 kilometroko ibilbidea osatuta edukiko dugu".

Monte Albertia ikastetxeak erabiliko du Etxe Txikia

Partzelaren lagapena iragartzearekin batera, Igerain aterpetxearen eraikinaren atzealdean dagoen Etxe Txikia Monte Albertia ikastetxearen erabilerarako izango dela azaldu Vazquez zinegotziak. "Horrela adostu da eta nik uste dut aukera oso ona dela, Monte Albertiakoek espazio falta dutelako". Azkenaldian eztabaida piztu duen gaia izan da Etxe Txikiaren erabilerarena. Etxerik gabeko herritarrei neguan aterpea emateko erabiltzen zen lehen, baina aurten ez diote halako erabilerarik eman, "eraikinaren erabilera oso konplikatua" zelako. Hainbat zarauztarrek arazoari "berehalako erantzun bat" ematea exijitzeko plataforma ere sortu dute: Geriza.

Vazquezen hitzetan, "beti arazoak egoten ziren espazio txiki honek erabilera anitzak dituelako". "Hobe da erabilera horiek ordenatzea". Etxerik gabeko herritarrei aterpe bat bilatzearen afera "ez dute albo batera utzi" Vazquezen arabera. "Lanean ari gara espazio hori bilatzeko", baieztatu du zinegotziak.

Une honetan, Etxe Txikiak ez daukala erabilerarik azaldu du Vazquezek, eta udan "surflarientzako aterpetxe modukoa" izaten bada ere, Itxasoren esanetan, guneak "zaharberritze bat" behar du. Gazteria diputatuak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordeak esan zien ikastetxea handitzeko beharrezkoa zela Etxe Txikiaren eraikina, beraz, ahal den neurrian, lagapen hori ere agintaldi honetan egitea da Itxasoren asmoa.