Udal eta Foru Hauteskundeak

Udal hauteskundeetarako zerrenda aurkeztu du Zarauzko EH Bilduk

Zarauzko Hitza 2019ko api. 9a, 11:39
Zarauzko EH Bilduk 2019ko udal-hauteskundeetarko hautes-zerrenda jakinarazi du. (Zarauzko EH Bildu)

Koalizioak eta bere oinarriek hilaren 1ean onartu zuten behin-behinean proposatutako hautes-zerrenda. Itziar Murua izango da zerrendaburua, eta EH Bilduko kideen esanetan, "pertsona prestatuak" elkartu dituzte zerrenda osatzeko, "esperientzia eta aurpegi berriak" uztartuz.

Maiatzaren 26an, igandea, izango dira udal eta foru hauteskundeak. Zarauzko EH Bilduk otsailaren 2an jakinarazi zuen Itziar Murua izango dela koalizioak udal hauteskundeetara aurkeztuko duen alkategaia, eta aste honetan, hautes-zerrenda osoa argitaratu du. Muruaren arabera, "talde bikaina" du inguruan, "aurrera eraman nahi dugun proiektua eraginkortasunez garatzeko dohain guztiak dituen jendez osatua".

"Zarautz hobe bat posible dela sinetsita", Zarauzko EH Bilduk zerrenda osatzeko "pertsona prestatuak" elkartu dituela adierazi du, "esperientzia eta aurpegi berriak uztartzen dituen zerrenda batean". "Adin guztietako pertsonek osatzen dute zerrenda", "gazteetatik hasi eta jubilatu eta pentsiodunetaraino", gehitu dute lan-taldeari buruz.

Bestalde, koalizioaren proiektuak "herri mugimendu eta eragile ezberdinetan murgildutako pertsonak" bildu dituela azaldu dute EH Bilduko kideek: "zarauztarren beharrei erantzuten jakingo duen taldea da eta bakoitzak bere bizipen eta ezagutzatik herriari daukan onena emateko konpromisoa hartu du". "Inor ez da ikasita jaio, bideak eman digu esperientzia eta nortasuna. Eta bide hori elkarrekin egiten jarraitzeko prest gaude, gogotsu gaude eta prestatuta gaude. Herritarrei entzun, iritziak konpartitu eta arazoei aurrez aurre erantzuna bilatu nahi diegu", gaineratu dute. Murua zerrendaburuaren esanetan, EH Bilduk osatutako lan taldearekin, "hasierako ilusio eta gogo hura are ilusio eta lanerako gogo handiagoa bilakatu da".

Honako hau da Zarauzko EH Bilduk 2019. urteko udal hauteskundeetarako aurkeztu duen hautes-zerrenda:

  1. Itziar Murua Uria
  2. Ion Arozena Eizagirre
  3. Mikel Goenaga Gubia
  4. Ainara Landa Argote
  5. Begotxu Olaizola Elordi
  6. Jabi Etxaburu Elu
  7. Jexux Goikoetxea Balentziaga
  8. Eider Illarramendi Azkue
  9. Ainhize Larramendi Larrarte
  10. Aitor Korta Etxabe
  11. Leire Udabe Aizpurua
  12. Antonio Sanchez Murillo
  13. Edurne Epelde Pagola
  14. Eneko Arias Del Rio
  15. Goizane Arana Arexolaleiba
  16. Mattin Muniain Iribar
  17. Maixabel Ezenarro Errazkin
  18. Xabier Maiz Albeniz
  19. Naiara Carvajal Larrañaga
  20. Isaak Ostolaza Andreano
  21. Juan Luis Illarramendi Roteta
  22. Ane Arruti Lopetegi
  23. Agustin Silvan Gabilondo
  24. Karmele Alberdi Linazasoro

Koalizioak lan-taldea osatu duten herritar guztien deskribapen labur batekin kaleratu du zerrenda osoa. Hona hemen EH Bilduren zerrenda osoa eta azalpenak irakurgai.