Maiatzaren 10etik 12ra ospatuko dute aurtengo Literaturia

Zarauzko hitza 2019ko api. 10a, 09:30
Pasa den urteko Literaturiako une bat.

Euskal Letren Plaza bihurtuko da Zarautz beste urte batez. Aurtengoan, maiatzaren 10etik 12ra bitarteko egitaraua prestatu du Literaturiako lantaldeak.

"Era guztietako ekitaldiak" izango dira Zarautzen maiatzaren 10etik 12ra, Literaturian. Hiru egun horietan, idazleak, argitaletxeak eta irakurleak nahastuko dira Zarauzko kale eta aretoetan, literaturarekin gozatzeko. Maskara izango da aurtengo gaia, eta leloa, berriz, Zu naiz, ni zara.

Ohi bezala, aurten argitaratutako liburuen aurkezpenak, azoka eta emanaldiak izango dira haur zein helduentzat; haietako batzuk, aurreratu dutenez, estreinaldiak izango dira. Bestelako ekitaldiak ere izango dira, tartean, komiki-tailerra eta solasaldiak.

Horrez gain, pasa den urtean Jose Mari Olaizola Txiliku omendu zuten bezala, Yolanda Arrieta eta Anjel Lertxundi omenduko dituzte aurtengoan, biek ala biek literaturan egindako lana aitortzeko.

Literaturiako lan taldeak azaldu duenez, aurrerago emango dute egitarau osoaren berri.