Idoia Garzes eta Maite Arruti saritu dituzte 37. Lizardi Sariketan

Amaia Urbieta Arruti 2019ko api. 30a, 16:41

Gazteak literaturara hurbiltzeko xedea duen sariketa da Lizardi. Idoia Garzesek irabazi du 37. edizioa, eta aurten, lehen aldiz, aipamen berezia irabazi du beste lan batek. Hain zuzen, Maite Arrutiren testua saritu dute, eta irabazlearenarekin batera publikatu dute.

Atzo banatu zituzten haur eta gazte literaturako Lizardi Sariak Sanz Enea liburutegian. Idoia Garzes lasartearrak irabazi du sari nagusia, Hari single bat lanarekin. Lehen aldiz, aipamen berezia ere izan da: Maite Arrutiren Urdina zirudien gela lana saritu dute. Bi liburuen 2.500 ale argitaratu dituzte, eta Zarauzko ikastetxe eta euskaltegietan banatuko dituzte. Hari single bat laneko ilustrazioak Leire Urtzelaik egin ditu, eta Urdina zirudien gela lanekoak Leire Ruizek.

Sari banaketan Alex Gurrutxaga epaimahaikideak bi lanen inguruko azalpenak eman zituen. Azaldu zuen nola Hari single bat lanak "literaturan askotan erabiltzen den motiboa" erabiltzen duen: haria. "Uste dut belaunaldi batzuetatik gorakooi Hari single bat-ek berehala ekartzen digula burura Itoizen kantu hura, Ezekielen prophezia". Gazte literaturan gai zailak ez direla saihestu behar azaldu du Gurrutxagak. "60-70eko hamarkadatik aurrera hasi ziren lantzen heriotza, dibortzioak, gaitzak, drogak, bakardadea... baita gerra ere". 36ko gerrako istorio bat kontatzen du Hari single bat-ek. Fantasia erabiltzen du Garzesek istorioan, baina Gurrutxagaren hitzetan, "horrek ez du esan nahi idazleak ihes egiten dienik benetako jendearen arazoei". Kasu honetan, fantasia eta errealismoa elkarrekin uztartuta agertzen dira.

Zarauztarrentzako liburua

Urdina zirudien gela lanari buruz, berriz, testuaren idazkera goraipatu du Gurrutxagak. Zarauzko egoerak azaltzen ditu, datu askorekin eta "errealismo handiarekin". "Kaleen izenak, pasadizo oso sinesgarriak agertzen dira, inola ere behartu gabe".

Hain zuzen ere, Arrutik azaldu zuen nondik nora sortu zuen Urdina zirudien gela lana. Kontatu zuen, nola txikitan, ilunpean zegoela zirrikituren batetik argia sartzen zenean itzal beldurgarriak sortzen ziren, baina gero argia piztutakoan, dena bere onera etortzen zen. Gela urdinaren istorioarekin ere antzeko zerbait gerta zitekeela uste zuen. "Pentsatu nuen istorioak azalpen errealistago bat izan zezakeela". Pentsamendu hori alboratuta izan zuen denbora luzez, baina Kultura Sailetik ateratako egitasmo batekin lotuta otu zitzaion erabiltzea. Urtero-urtero Zarauzko kontuen inguruko liburuxka bat ateratzeko proiektua zuten esku artean, eta horretarako ikerketa lanetan zebiltzala, Arruti ohartu zen kronologikoki oso hurbil zeudela gertaera asko. Hala, pentsatu zuen horiek denak uztartuz osatu zitekeela testu bat, eta hortik jaio zen Urdina zirudien gela. Agerraldian, Arrutik Garzes zoriondu zuen sariagatik eta eskerrak eman zizkien Zarauzko Udalari, etxekoei, alabari liburua ilustratzeagatik eta lankideei. "Nik nire buruagan sinestu gabe, beraiek sinestu izan dute nigan".

Historia irun zuten emakumeentzat

Garzesek ere esker hitzak izan zituen epaimahaiarentzat eta Zarauzko Udalarentzat, eta bere lanaren sinopsi labur bat egin zuen. "Arrako da istorioko protagonista. Oporretara joaten da bere amonaren baserrira, gurasoekin. Han, ganbaran, kutxa bat ireki eta amonaren ardatza topatzen du. Amak azaltzen dio harilkatzeko tresna dela ardatza, eta belaunaldiz belaunaldi igaro dela amaren eskuetatik alabarenetara. Arrakok ez du ulertzen zer egiten duen ardatz horrek amonaren ganbaran, eta zergatik ez daukan amak. Amonaren ardatza eskuetan duela, hasten da matazako korapiloak askatzen, eta hasten da etendako hari bat birsortzen. Hari hori da oraina eta iragana lotzen dituen hari mehea. Horrela ezagutzen du bere amonaren historia, historia isildua, isilarazia eta ahaztua. Gerrako kontuak ezagutuko ditu, eta dakiena baieztatuko du: historia beti idazten dutela irabazleek, eta historia horrek beti dituela irabazleak eta galtzaileak. Baina konturatzen da galtzaileek idazten dutela historia baita ere, eta historia horrek bere galtzaileak eta bere irabazleak dituela".

Amaitzeko, aipamen berezia egin nahi izan zion Garzesek bere amonari, eta berarekin batera, "historia iruten aritu diren duten emakumeei". Gerrako umezurtza izan zen Garzesen amona, eta egun, ez dakite Erreketek hildako haren aita non dagoen. Idazlearen esanetan, bere amonak "ez zuen ahaztu bere historia eta ez zen beldurragatik isildu". "Bizitza aurretik" jarri zuten emakume horiei eskaini die liburua lasartearrak.