Cabreiroa Pro Zarautz 2019

Aritz Aranburuk, Ruben Vitoriak eta Nadia Erostarbek lehian jarraitzen dute

Zarauzko Hitza 2019ko mai. 10a, 10:01
(Facebook: Pro Zarautz)

Bostgarren errondara iritsi da gizonezkoen Cabreiroa Pro Zarautz surf txapelketa. Bertan jokatuko diren lau mangetan izango dira Aritz Aranburu eta Ruben Vitoria. Emakumeetan, berriz, hirugarren errondarako sarbidea lortu zuen Nadia Erostarbek atzo.

Hirugarren eguna du gaur Cabreiroa Pro Zarautz surf txapelketak. Bederatzi surflari zarauztarretatik hiruk egin dute aurrera oraingoz. Aritz Aranbururen lorpena izan da azpimarragarriena, jokatutako bi mangak irabazi baititu, puntuazio txukunarekin (14.23 eta 13.94).

Atzoko jardunaldian Maxime Huscenot frantziarrak eman zuen erakustaldi nabarmenena, 17,07ko puntuazioa eskuratuta. Behin laugarren erronda jokatuta, bostgarren errondako lau mangen ostean erabakiko dira final laurdenetako surflariak, gizonezkoen kategorian.

Emakumezkoen kasuan, Nadia Erostarbek bere manga irabazi zuen 11.67ko puntuazioarekin, eta hirugarren erronda jokatzeko txartela lortu zuen hala. Eguneko ezustekoa Janire Gonzalez zumaiarrak eman zuen, izan ere, surflari gazteak bere manga irabazi zuen, aurreko urteko txapelduna den Pauline Adok baino puntuazio hobea lortuz.