Ezkutatutako historia, jendaurrera

Amaia Urbieta Arruti 2019ko mai. 16a, 08:30
Bost artisten artean eman diote forma sentikariari. (Amaia Urbieta Arruti)

Yoseba Peñaren Hariak eleberrian oinarritutako ikuskizuna oholtzaratuko dute bihar. "Isildutako historia" plazaratzeko asmoz, hainbat kultur diziplina uztartzen ditu proiektuak.

2018an argitaratutako Hariak eleberria oholtzara eramango dute bihar, Modelo aretoan, 20:30etik aurrera. Nola bihur daiteke, baina, nobela bat ikuskizun? Horretan lanean aritu dira azken asteetan Yoseba Peña nobelaren egilea, Iraia Elias aktorea, Nahikari Gabilondo bertsolaria, Oihana Leunda diseinatzailea eta Rafa Rueda musikaria. Nobelako zenbait pertsonaiaren bidez, "Euskal Herriaren azken 80 urteetako atzera goardiako historia" kontatzen dute. Hainbat kultur diziplina uztartzen ditu ikuskizunak: musika, bertsolaritza, irakurketa, ikus-entzunezkoa...  Elementu horien guztien bidez, emakume "berezi" batzuen bizitza agertokira eramango dute. "Hausnarketa" bultzatzea da asmoa, "identitateen eta memoriaren" inguruan eta "transmisioa egiteko moduaren" inguruan, Peña idazlearen arabera. Horregatik izango da Hariak sentikaria, ikuslearengan "zerbait piztea" bilatzen dutelako.

Miren Salesi omenaldia

Sentikarian azalduko diren emakumeen artean protagonismo berezia hartuko du Miren Salesek. Idazle zarauztarra, emakume "indartsua" izan zen, Peñaren hitzetan. Mitinak eman ohi zituen, eta Emakume Abertzaleen Batzaren lehen lehendakaria izan zen. Horrez gain, urte batzuk ondoren ikastola bilakatuko zen lehen haurtzaindegi euskaldunean aritu zen lanean. Gerra garaian, ordea, oheak egiten eta erizain lanetan aritu zen. Gerra igaro ostean, "zapaldua eta isildua" izan zen haren historia, baina handik urte batzuetara, Zarauzko Ikastola sortu zenean, musu truk laguntzen aritu zen, ordurako andre heldua zela. Azken unera arte "borrokan" aritu zen, beraz.

Peñak azaldu duenez, garai hartako gizon askoren izenak daramatzate herriko plazek eta kaleek, eta Miren Salesi buruz "inor gutxik daki ezer". Besteak beste, halako emakumeak ekarri nahi dituzte gogora Hariakekin. "Beti hitz egiten da guduak irabazi zituztenei buruz, baina atzera goardiako sufrimendua bizi zuten emakumeen historia askoz humanoagoa da". Hain zuzen, emanaldian emakume horiek sufritutako zigorren inguruko ikuskizun "oso indartsu" bat izango dela aurreratu du Peñak.


Sodupearrak "hasieratik garbi" zeukan ikuskizuna zer eta nolakoa izango zen. Berak sortu ditu Iraia Eliasek errezitatuko dituen testuak, eta Rafa Ruedak hainbat poema musikatu ditu: Amaia Lasa, Audre Lorde eta Inge Müllerrenak, hain zuzen. Film labur bat ikusteko aukera ere izango da, baita Nahikari Gabilondoren bertsoak entzutekoa ere. "Ahalegindu gara historia ikuspegi askotatik erakusten eta espresatzen", azaldu du Peñak. Testuak "indartsuak" direla uste du, baina testu horiei Gabilondoren bertsoek "beste zertzelada bat" ematen die, eta musikarekin "beste leku batera heltzen zara". Elementu horiek guztiak uztartuz "sentimenduak sortu, eta horien bidez hausnarketa sustatu" nahi dute.


Peñak banan-banan jo zituen ikuskizuna osatzen duten artisten ateak. Gabilondoren ustez, esaterako, "erronka polita" izan da honetan parte hartzea. Gaiagatik eta gauza asko adierazi nahiagatik apur bat sufritu duen arren, "gustura" egin dio aurre erronkari. Eliasi ere interesgarria iruditu zaio proiektua, "kontatzen ez diren emakumeen ezkutuko istorio horiek argitara ematen" direlako.

Erlazionatuak