Zarauzko Triatloia 2019

Zarauzko 33. Triatloia jokatuko dute larunbat honetan, 'Bakarra da' izenburupean

Dorleta Agiriano Lai 2019ko eka. 5a, 09:00
Helene Alberdi, Xabier Txurruka, Gorka Silvan eta Eneko Llanos, 33. Zarauzko Triatloiaren aurkezpenean. (Dorleta Agiriano Lai)

'Bakarra da' izenpean antolatu dute aurtengo edizioa. 700 parte hartzaile izango dira guztira; horien artean, Zarauzko 33 triatleta. Gora egin du emakumeen parte hartzeak.

Larunbat honetan, ekainak 8, jokatuko dute Zarauzko Triatloia, 33. urtez jarraian. Getariako Malkorbe hondartzan hasiko da; 15:00etan emakumezkoak irtengo dira, eta 15:10etan, gizonezkoak. Parte hartzaileek 2,9 kilometro egingo dituzte igerian; 81 kilometroko ibilbidea osatuko dute bizikletaz, eta 20 kilometrokoa lasterka.

Bakarra da

Atzo izan zen aurtengo triatloiaren aurkezpen ekitaldia, eta Gorka Silvan Zarauzko Triatloi Elkarteko presidenteak azaldu zuenez, Bakarra da izenpean antolatu dute 33. edizioa: "Zarauzko Triatloian parte hartzen duten askoren ahotan entzun izan dugu Zarauzko Triatloia bakarra dela, bizitzan behin gutxienez egin beharreko froga bat".

Izan ere, Zarautzen triatloia egiten duten unean herrian izaten den giroa nabarmendu du Silvanek: "Kirol probaz gain, festa bat ere bada". Kirol ekitaldiaren izaera "herrikoia" ere azpimarratu du, 300 boluntario inguru biltzen baititu urtero.

Bestalde, zirkuituak "paisaia eta txoko zoragarriak" barnebiltzen dituela adierazi du elkarteko presidenteak: "Aurten, gainera, bizikleta probarako kostaldeko errepidea berreskuratu dute, eta parte hartzaileek handik egingo dute Zumaiatik Zarautzerako itzulia", esan du. Horretaz gain, Zarauzko Triatloia "aitzindaria" dela gogorarazi du; 1987an izan zen lehenengo edizioa, Espainiako estatuko lehenengotakoa.

Zarauzko probaren beste berezitasunetako bat euskararen presentzia dela azaldu du Silvanek: "Euskara da Zarauzko Triatloiaren hizkuntza nagusia [...] eta euskararen erabilera lehenesten da".

700 parte hartzaile, 33 zarauztar

Aurtengo triatloian ere 700 parte hartzaile arituko dira nor baino nor, Horietatik 600 dortsal erabaki zituzten zozketa bidez, iazko azaroan, proba jokatzeko izena eman zuten 2.800 pertsonen artean. Gainontzeko 100 dortsalak, aldiz, triatleta profesionalek jantziko dituzte. Horien artean badira entzute handiko izenak; hala nola, Judith Corachán, Helene Alberdi, Anna Noguera eta Emma Bilham, edota Gustavo Rodriguez, Eneko LLanos, Francesc Godoy eta Timothy Van Houtem.

Oraingoan gora egin du parte hartzaile zarauztarrek kopuruak; hain zuzen, 33 izango dira, Zarauzko Triatloi Elkarteko kideak tartean. Guztira, Euskal Herriko 273 triatletak hartuko dute parte proban, eta horietako 75 dira Urola Kostakoak. Espainiako estatutik kanpoko 43 parte hartzaile izango dira; besteak beste, Andorrakoak, Frantziakoak, Belgikakoak, Ingalaterrakoak edota Suitzakoak.

Orokorrean hazi egin da proba jokatzeko izena eman dutenen kopurua; 2.800 lagunek egin zuten izen-ematea, iaz baino %40 gehiago. Gainera, antolatzaileek nabarmendu dute inoiz baino emakume gehiago izango direla aurten; 90, iaz baino 32 gehiago. "Datu horren igoerak garrantzia berezia du guretzat, ilusio handia egiten digu gure triatloian gero eta emakume gehiago ikusteak", dio Silvanek.

Guztira hamar triatleta sarituko dituzte larunbatean; bost gizonezko eta bost emakumezko. 5.000 euro irabaziko dituzte triatloia azkarren osatzen duten gizonezkoak zein emakumezkoak. Bigarren postua eskuratzen duten biek 2.000 euroko saria izango dut; hirugarren egiten duten biek, 1.000 eurokoa; laugarren postua lortzen dutenek 500 eurokoa; eta bosgarren egiten dutenek, aldiz, 300 eurokoa.

Egitasmo osagarriak asteburuan

Larunbatean egingo dute triatloia, baina horren harira, ostiral arratsaldetik aurrera egitasmo osagarriak izango dira Zarautzen. Esaterako, triatloian espezializatutako enpresek azoka jarriko dute Zinema Pilotalekuan. Ostiral arratsaldean izango da, 17:00etatik 20:00etara, eta larunbatean ere izango da bertaratzeko aukera. Larunbat arratsaldean, aldiz, Lege Zaharren Enparantzara lekualdatuko dute azoka, han izango baita helmuga.

Triatleta profesionalek solasaldia egingo dute ostiralean, 20:30ean Antoniano Ikastetxean. Bestalde, urtero bezala, triatleten afaria antolatu dute larunbaterako. 21:30ean jarri dute hitzordua, Zinema Pilotalekuan.

Dena den, egitaraua ez da larunbatean amaituko: igandean, 11:00etan hasita, Triatloi Txikia egingo dute gazteenek. Itsas pasealekuan izango da, eta benjaminek, kimuek, infantilek zein kadeteek izango dute parte hartzeko aukera.

Errepide mozketak

Bestetik, larunbatean herriko hainbat gunetan errepidea moztuko dutela gogorarazi du Silvanek, eta beraz, garraio publikoa erabiltzeko dei egin du. 15:30etik 22:00etara etengo dute trafikoa zenbait kaletan. Hona hemen xehetasun guztiak.