Aldaketak izango dira IAT zentro berriaren inguruan

Zarauzko Hitza 2019ko eka. 11a, 13:33

TAO sistema jarriko dute martxan IAT egoitza berriaren inguruan, Bizkaia kalean. Bestalde, Bizkaia kaleko zirkulazioa aldatuko dute. Errepidea bi norabidetakoa izan da orain arte, baina hemendik aurrera, norabide bakarra izango du, sarrera bakarrarekin eta bi irteerarekin.

Maiatzean jakinarazi zuten IAT zentro berria irekiko dutela Zarautzen, Araba kaleko 43. zenbakian, hain zuzen. Ekainaren 3an zabalduko zutela aurreikusi bazuten ere, oraindik itxita dago.

IAT egoitzaren irekierarekin batera, zenbait aldaketa izango dira eremu horretan, Hegoalde inguruan. Esaterako, Zarauzko Udaltzaingoak HITZAri azaldu dionez, TAO sistema jarriko dute martxan zentro berria kokatu duten lekuaren inguruan, Bizkaia kalean. Oraindik ez dute jakinarazi noiz ordaindu beharko den TAO sistemaren tarifa bertan; uda sasoian soilik, edota urte osoan.

Sistema aste honetan abiatzea zen asmoa, baina eguraldia dela eta, ezingo dute lurra margotu. Hala, atzeratu egingo dute TAO gunearen ezarpena.

Aldaketak zirkulazioan

Bestalde, aldaketak izango dira Bizkaia kaleko zirkulazioan. Errepidea bi norabidetakoa izan da orain arte, baina hemendik aurrera, norabide bakarra izango du. Sarrera bat baino ez du izango, Orokieta Herri Eskolako biribilgunetik. Irteerak, aldiz, bi izango dira: Eroski supermerkatu atzeko biribilgunetik, Hegoaldetik, edota IAT zentrora iritsi aurretik ezkerretara eginda, Orokieta aldera.