Edukiera mugatua izango dute Kalerkiko hainbat emanaldik

Zarauzko Hitza 2019ko uzt. 1a, 19:00

(Amaia Urbieta Arruti)

Ostegunean hasiko da Kalerki Antzerki Jaialdia. Edukiera mugatua izango dute hiru emanaldik, eta aldez aurretik eskuratu beharko dira txartelak.

Ostegun honetan hasiko da aurtengo Kalerki Antzerki Jaialdia, 26. urtez jarraian. Hala, igandera bitartean, antzezlanak, musika emanaldiak, akrobaziak edota dantza ikuskizunak izango dira kalean. Edukiera mugatua izango dute hiru saiok; hain zuzen, Calor, Vida eta Benditas emanaldiek.

Ostegunean izango da Calor, eta bi saio eskainiko dituzte Torre Luzea parkean, 21:30ean eta 23:00etan. Bertaratzeko asmoa dutenek ostegunean bertan jaso beharko dituzte txartelak, 17:00etatik aurrera Modelo aretoan.

Vida emanaldia ostegunean eta ostiralean eskainiko dute, Villa Manuelako frontoian, 22:00etan. Ostegunean joan nahi dutenek egun horretan eskuratu beharko dituzte sarrerak, 17:00etan Modelon, eta ostiralean joateko asmoa dutenek, aldiz, ostiralean, ordu eta leku berdinean.

Benditas ikuskizunari dagokionez, hiru emanaldi izango dira larunbatean, 18:30ean, 19:30ean eta 20:30ean. Egunean bertan hartu ahalko dira txartelak, 17:00etatik aurrera, Modelon.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ez zaie sarrera baimenduko txartelik ez dutenei.