"Bera zen pinturaren omenaldia"

Aritz Mutiozabal 2019ko uzt. 10a, 14:35
Mendiren omenezko murala, Ebro Etxean. (Aritz Mutiozabal)

Manu Muniategiandikoetxearen gidaritzapean, Artezaleakeko 15 pintura ikaslek Mendiren omenezko murala landu dute eta gaur aurkeztuko dute, 19:30ean, Ebro Etxean, margolaria zenaren urtebetetze egunean.

Martxoan zendu zen Juan Luis Mendizabal Mendi artistak 91 urte beteko lituzke gaurko egunez, eta hori aintzat hartuta, Artezaleakeko pinturako ikasleek margolariaren omenezko murala aurkeztuko dute gaur arratsaldean, 19:30etik aurrera Ebro Etxean. Lan prozesua erakutsiko dute egileek lagunartean bertaratzen diren guztiei, irekia izango den ekitaldi batean.

Azken finean iaz egindako dinamikari segida eman diote aurten; izan ere, Frantziskotarren horman jartzeko mural handi bat landu zuten joan den urtean, ondoren lapurtu egin zutena. Horretan ari zirela, Mendiren heriotza etorri zen, Artezaleak elkartekoen lagun eta bizilagun; izan ere, urte askoan Ebro Etxearen parean bizi izan zen. Hala, argi izan zuten aurtengo murala berairi eskaini behar ziotela. "Berari egiten zaion omenaldia da, baina bera zen pinturaren omenaldia. Horretan jardun baitzen sutsuki bizitza guztia", azaldu dute Arterzaleak elkarteko zuzendari Carmen Agirretxek eta elkarteko kide Monika Gutierrezek.

Mendiren argazki horizontal bat aukeratu zuten: lehen plano bat, atzean itsasoa eta Getariako San Anton mendia ikusgai. "Pintura ikasle hauek bere gain hartu zuten lana, Manu Muniategiandikoetxea pintura irakaslearen gidaritzapean, eta mural arrunt izan behar zuena beste zerbait bihurtu da", azaldu du  Agirretxek. Mendiren argazki horizontal bat aukeratu zuten: lehen plano bat, atzean itsasoa eta Getariako San Anton mendia ikusgai.

Kartoizko taulatxotan

Egurrezko xafla ertain batzuetan pintatzen zuen askotan Mendik, eta ikasleek tamaina bertsutako ondo neurtutako –baina kartoizko– taulatxotan egin dituzte beren margolanak. Eta, ondoren, egurrezko mural bertikal handi batean itsatsi dituzte poliki-poliki belkro bidez. "Hasierako argazkiko San Anton mendia desagertu egin bada ere, muralaren ezkerretara agertzen dira marrazki txiki ugaritan", zehaztu du Gutierrezek.

"Hasieran San Anton mendiak margotzen hasi ziren guztiak", dio Agirretxek, eta hortik pasatu ziren nahi zutena egitera: "Abstraktuak, errealistak, naturalistak, inpresionistak, Zarauzko hondartza, Popova, peruarrak, Francis Bacon bat...  Guztiak eginak zeudenean konposaketa lana etorri zen". Krisialditxoren bat ere izan zutela diote Artezaleakeko kideek: nonbait Mendiren betaurrekoek ez omen zuen itxura egokia hartzen, norbaitek konponbidearekin jo zuen arte.

15 ikaslek hartu dute parte, eta ideia martxoan egosi bazuten ere, apirilean ekin zioten proiektuari. "Ikasleak oso harro daude egindakoarekin. Gainera, sekulako giroa sortu da, taldea indartuz, kasik familia bat bihurtuz". Zarauzko Ikastolako haurrek ere parte hartu dute egitasmoan: "Mendik pintura klaseak ematen zituen Ikastolan, eta, orduan, omenaldi honetan horietan egindako lan batzuk txertatu nahi izan ditugu. Zehazki, bizar aldeko marrazkiak haurrek eginikoak dira".

Mural "iragankorra"

Mural honen borondatea "kanpora" ateratzea dela azpimarratu du Agirretxek, baina edozein pauso eman aurretik ongi aztertu nahi dutela teknikoki: "Etxe honetan (Ebro Etxean) geratzea nahi dugu, bera Iñurritzakoa zelako eta gu ere Iñurritzan gaudelako. Ebro Etxeari nortasuna emateaz gain, berak ere etxe hau asko maite zuelako. Sarritan etortzen zen, askotan egunero, eta hemen gelditu nahi du".

Sasoi honetan erromes asko dabilela eta, udazkenean eduko diote gaiari, baina zalantzarik ez dute elkartekoek zintzilikatzen dutenean "iragankorra" izango dela. "Ez dakigu nola, baina joan dadila pixkanaka higatzen. Hau ere denborarekin joan egingo den filosofiarekin".