Frontoi txikian, Ruper Ordorika handia

Zarauzko Hitza 2019ko uzt. 20a, 15:43
Ruper Ordorika entzuten herritarrak atzo Frontoi Txikin (Amaia Urbieta Arruti/Hitza)

Abian da Adarretatik musika jaialdia atzo arratsaldetik. Kalean eta doan dira emanaldi guztiak, eta atzo, esaterako, Ruper Ordorikaren musikarekin gozatzeko aukera izan zuten herritarrek Frontoi Txikin. Goraino bete ziren inguruak.

No-Land Trio, Sociedad Recreativa, DJ Maga Bo eta Ruper Ordorika. Musikari eta talde horiexek izan ziren atzo arratsalde-gau partean Zarautzen, kalean doako saioak eskaintzen. Igande iluntzera bitartean egingo da Adarretatik musika jaialdia, eta gorago aipatutako taldeen kontzertuak izan ziren aurreneko egunekoak.

Ordorikaren emanaldia, esaterako, 20:00etan izan zen, Frontoi Txikin, eta inguruak bete egin ziren bakarlari ezaguna entzuteko.

Gaurko hiru emanaldi antolatu dituzte: Joseba Irazoki eta Lagunak (20:00etatik aurrera Frontoi Txikin), Kumbia Boruka (22:30ean malekoian, Borghetto parean) eta Sr Lobezno DJ (21:00etan eta 00:00etan malekoian, Borghetto parean).

Bihar, berriz, flamenko jazz emanaldi batek itxiko du jaialdia: Antonio Linaza Trioren ikuskizuna izango da, 20:00etan, malekoian, Borghetto parean.