Pol Gilek eta Marina Castrok irabazi dute I. Zarautz-Getaria-Zarautz zeharkaldia

Onintza Lete Arrieta-Juan Luis Romatet 2019ko uzt. 20a, 21:09

Gilek 59 minutuan egin du zeharkaldia, eta Castrok 1:02:18 denboran. Madrildarrak dira biak. Aurreneko zarauztarrak, berriz, Nikolas Ilarramendi (13.postua) eta Iraida Bastarrika (14.postua) izan dira. Masterretan aritu da Bastarrika. 

Bost kilometro eta 200 metro egin dituzte I. Zarautz-Getaria-Zarautz itsas zeharkaldian parte hartu duten igerilariek. Zarauzko portu paretik irtenda, Getariako portura iritsi aurretik bira eman, eta Zarauzko portu barruan helmugaratu dira. Bizkorrena Pol Gil madrildarra izan da, proba 59 minutuan burutu baitu. Bere atzetik, beste bizpahiru madrildar: Marcos Godoy izan da bigarren, 0:59:09 denborarekin. Hirugarren, berriz, Eric Vilaregut 0:59:36 denborarekin.

Emakumezkoetan ere madrildar bat nagusi: Marina Castro. 1:02:18 denboran egin du zeharkaldia, eta segundo batzuetara helmugaratu da bigarrena, Janna Blaya, 1:02:25 denbora eginda. Hirugarren postua, berriz, Beatriz Gomezentzat izan da, 1:04:30 denborarekin.

Bai gizonezkoetan, bai emakumezkoetan, lehia estua izan da, beraz.

Aurreneko zarauztarrak

Zarauztarrei dagokienez, azkarrenak Nikolas Illarramendi eta Iraida Bastarrika izan dira. Illarramendi 13. tokian sailkatu da 1:08:34 denbora eginda. Bastarrika ere antzeko postuan helmugaratu da, 14.ean, 1:27:16 denborarekin. Master mailan aritu da Bastarrika.

Illarramendik hainbat garaipen lortuak ditu itsasoko probetan. Azkena, aurreko asteburuan, Getariako I. San Anton Biran.

Ikusi hemen sailkapen guztiak.

Igandean, 49. Getaria-Zarautz

Bestalde, igande goizean egingo dute 49. Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia, 11:30ean hasita. Aurrez, haurren txanda izango da. 10:00etan Zarauzko portuan egingo dute proba bat, eta 10:30ean, berriz, urteroko hitzordua izango dute txikienek hondartzan bertan.

Helduen zeharkaldia 2.800 metrokoa izango da. Irteera Getariako portuan izaten du, eta ibilbidea kosta ertzetik zuzena izango da, Zarautzera iritsi arte. Hondartzan amaituko da lehia, Munoa parean.