Pol Gil eta Andrea Dominguez garaile 49. Getaria-Zarautz itsas zeharkaldian

Onintza Lete Arrieta 2019ko uzt. 21a, 14:34
Bigarren egunez jarraian irabazi du itsas zeharkaldia Pol Gilek (Onintza Lete Arrieta/Hitza)

Gilek atzo I. Zarautz-Getaria-Zarautz proba irabaztearekin nahikoa ez, eta gaur ere bera gailendu da gizonezkoetan. Minutu eta hamalau segundoko aldea atera dio bigarrenari, gainera. Emakumezkoetan Andrea Dominguez izan da nagusi, baina lehia estuagoa izan da nesken artean. Unai Agirre eta Nerea Murua izan dira aurreneko zarauztarrak.

49. Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia gaur eguerdian jokatu da, eta hiru mila igerilarik baino gehiagok hartu du parte. Getariako portutik abiatu, eta Zarauzko hondartza arteko 2,8 kilometroak egin behar izan dituzte igerian.

Bizkorrenak 33:25 denboran egin du ibilbidea. Pol Gil izan da, atzo bertan I. Zarautz-Getaria-Zarautz irabazi zuena gizonezkoetan. Une batean ikusmina ere egon da, errekorra 32 minutu inguruan baitago, eta Balea elkarteko kimu batzuk aritu dira helmuga ondoan esanez balitekeela madrildarrak marka ontzea. Hain zuzen, mutiko horiek esanda animatu omen da Gil gaur ere parte hartzera.

Erraz irabazi du, gainera. Izan ere, minutu eta hamalau segundoko aldea atera dio bigarren egin duen Haigor Arangureni (34:39). Hirugarrena Marcos Godoy izan da (34:42).

Emakumezkoetan lehia handiagoa egon da. Andrea Dominguezek irabazi du proba, 35:55 denbora eginda, eta bost segundora helmugaratu da bigarrena, Amaia Iriarte (36:00). Tartea atera diete gainerakoei. Hirugarrenak, izan ere, 36:49 denbora egin du. Luisa Mar Moralesek, hain zuzen.

Gurutze Gorriko boluntarioek hainbat laguni eman behar izan diote laguntza, baina oro har, igerilariak forma onean iritsi dira helmugara. Aurpegi anonimo askoren artean, ezagun bakar batzuk ere bai: Aritz Aranburu surflaria, Leire Arana Zarauzko Kirol zinegotzia edo Antton Telleria EITBko telebista eta irrati aurkezlea.

Anonimoetan anonimoenak, berriz, boluntarioak: 100 lagun inguru ibili dira goizean goizetik dena prestatzen eta zaintzen, gehienak zarauztarrak.

Zarauztar eta getariar bizkorrenak

Zarauztar askok hartu du parte itsas zeharkaldian, eta inguruko herrietatik ere asko animatu dira lehiatzera. Zarauztar bizkorrenak, esaterako, Unai Agirre (35:31) eta Nerea Murua (36:49) izan dira. Agirrek oso postu ona eskuratu du sailkapenean, seigarrena izan baita helmugaratzen.

Murua ere emakumezkoetan aurreneko lehen hamarren artean helmugaratu da. Sailkapen orokorrean 10. egin du, eta master+ kategorian, berriz, bigarren postua eskuratu du.

Getariarrei dagokienez, gizonezkoetan Iosu Iribar izan da azkarrena, 41:33 denbora eginda (49. postuan sailkatu da). Emakumezkoetan, Izaskun Alvarez nagusitu da, 50:42 denborarekin (99. postuan sailkatu da).

Sailkapenak behin-behinekoak dira, eta hemen ikus daitezke guztiak.