Gaur abuztuko lehen 'afari soziala' eta 'Díaz: no limpiéis esta sangre' filma Putzuzulon

Zarauzko Hitza 2019ko abu. 7a, 10:22

Abuztuko egitaraua argitaratu berri dute Danda Gazte Asanbladako eta Gerizako kideek, Toldotik At! Elkartasun Udara ekimenaren barruan. Gaurkoa izango da abuztuko lehen saioa.

Asteazkenero, herriko guneak txandatuz, afari sozialak egin dituzte Zarauzko Danda Gazte Asanbladako eta Geriza proiektuko kideek, "elkarren arteko harremanak estutzeko eta elkartasunean sakontzeko espazio" gisa. Abuztuan ere formatu berarekin jarraituko dutela iragarri dute: asteazkenero herriko txoko ezberdin batean elkartu, afaldu, eta jarduera kultural bati tartea eman.

Uztailak jarduera kultural ezberdinak asetzeko aukera eman du: Zarautzen ekoitzitako Derlan, motor hotsak Zarautzen dokumentala, Yo, Daniel Blake filma eta pailazo baten Lapurretak antzezlana, besteak beste. Abuztuan, bestalde, gaurko filmaz gain ipuin kontalari bat ere izango dela iragarri dute.

Gaurko pelikula, Díaz: no limpiéis esta sangre, abuztuaren amaiera aldera Euskal Herrian egingo den G7 goi-bileraz sakontzeko baliagarritzat jo dutelako aukeratu dute. 2001ean Genovako G8 gailurrean gertatutakoa azaltzen du filmak.