Trailerra. 'Basotik Itsasora' dokumentala emango dute Modelon

Zarauzko Hitza 2019ko ira. 11a, 10:30

Errefuxiatuen gaia lantzen du Larart proiektuaren barruan sortutako dokumentalak. Horrez gain, gai beraren inguruko kaleko erakusketa bat ere jarriko dute gaurtik aurrera.

Errefuxiatuen gaiaren inguruko hausnarketa, arazoa ikusaraztea,  oroimena aldarrikatzea eta elkartasunerako deia suspertzea ditu helburu Basotik Itsasora dokumentalak, Beñat Gereka zuzendariaren arabera. Duela hilabete batzuk izan zen aurrestreinaldia, eta ostiral honetan eskainiko dute Modelon, 20:30ean.

"Gursetik Mediterraneora historia zirkularra osatu dugu. Basoa iragana eta itsasoa orainaldia, hortik dokumentalaren izenburua. Bigarren Errepublikaren erorketaren ostean milaka errepublikarrek eta nazioarteko brigadistek muga zeharkatu behar izan zuten. Eta horietako asko Gurseko kanpamenduan izan ziren. 80 urte geroago Mediterraneoa zeharkatu nahian dabiltza milaka pertsona Siriatik eta Libiatik alde eginez. Antzina gertatu bezala, iritzi publikoa zatikatuta dago eta xenofobia Europan barrena zabaldu da zoritxarrez", azaldu du Gereka getariarrak.

Hotz Zarautz elkarteak parte hartu du proiektuan, Txikota Komunikazioarekin eta Dantzazekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Zarauzko Udalaren eta Getariako Udalaren laguntzarekin.

Proiekzioa eta erakusketa

Gaur hasita, Zigordia kalean gai bera landuko duten argazki erraldoiak izango dira ikusgai, migratzaileen egoerak salatzeko helburuarekin. Gaur 19:30ean hasita, igandera arte izango dira artelanak ikusgai Modelo aretoaren inguruan.

Erlazionatuak