BABESLEA: KOBA INTERIORISMO

Ikusgai daude Kilometroetako ibilbidea eta egitaraua

Zarauzko Hitza 2019ko ira. 13a, 15:22

Heltzear da urriaren 6ko festa handia, eta motorrak berotzen joateko, ziklometroak antolatu dituzte igande honetarako. Aurtengo ibilbidea eta egitaraua ere ikusgai daude hemen.

Hilabete baino gutxiago falta da Kilometroak festarako, eta dagoeneko motorrak berotzen hasiak dira Salbatore Mitxelena ikastolaren komunitatea osatzen duten kideak. Sare sozialetan zabaldu dituzte gaur bertan urriaren 6ko ibilbidea eta egitaraua. Hiru gune izango ditu ibilbideak: Ikastola, Malekoia eta Mollarri. Adin eta gustu guztietarako ekitaldiz osatu dute egitaraua, eta hemen dago ikusgai, orduz ordu, zer egongo den gune bakoitzean. Nahi izanez gero, dokumentua eskuragarri dago pdf formatuan ere.

 

 
 
 

Igandean, ziklometroak

 
Kilometroetako lantaldea prest dago ondu duten eguna denekin partekatzeko. Horren zabalkundea egingo du datozen egunetan, eta ekimenetako bat igande honetan bertan izango da. Bizikletaz emango diote bira Gipuzkoari, ikastolatik ikastolara lekukoa pasaz. Zarautzen da lehen hitzordua, 09:00etan, ikastolan. Handik abiatuko da talde bat Azpeitira, eta hango ikastolari emango diogu lekukoa. Azpeitikoek Tolosara eramango dute lekukoa, Irura, Villabona, Andoain, Usurbil, Orio eta Zarautzera etorriko da berriz ere txirrindulari taldea. 18:00etarako dute iritsiera ordua. Lekukoa eskuz esku pasa eta, Kilometroen zikloa biribiltzera doazela eman nahi dute aditzera. Deialdi irekia egin dute, parte hartu nahi duenarentzat.