Maider Etxezabal: "Nire lana egiten disfrutatzea soilik neukan buruan, eta horrek lagundu zidan ustekabean txapela irabazten"

uztarria.eus 2019ko urr. 1a, 11:56
Maider, argazkiaren erdian, lokotx bilketan irabazitako txapelarekin. (uztarria.eus)

Maider Etxezabal Zarauzko bizilagunak (Azpeitia, 1990) Euskal Herriko Lokotx Bilketa Txapelketa irabazi berri du, Igantzin (Nafarroa). Lehia oso estua izan zen larunbatekoa, baina txapela janztea lortu zuen txapelketan Araba ordezkatuz parte hartu zuen kirolari azpeitiarrak. "Gustura" dago lorpenarekin, eta lanean jarraitzeko prest dago: sokatirako denboraldi-aurrean murgilduta da, eta otsailean munduko txapelketan ariko da Irlandan.

Nolatan hasi zinen lokotx bilketan?

Sokatirako taldeko kideok herri kirol erakustaldiak egiten ditugu udan, eta bakoitzaren gaitasunen arabera banatzen ditugu kirolak. Korrika pixka bat egiten dudanez, beste batzuen artean, niri egokitze zait gehienetan lokotxak biltzea.

Noiz hasi zinen lehiatzen?

Iaz Araban egiten diren herriarteko herri kirol txapelketan parte hartu genuen, eta bertan lehiatu nintzen lehenengoz. Txapelketa hartan bikoteka jaso behar ziren 50 lokotxak; beraz lehiaketa ofizialean baino errazagoa zen egitekoa. Txapelketa ofizialean lehen aldiz, berriz, lehengo urtean parte hartu nuen. Arabakoan lehiatu nintzen, eta hirugarren egin nuen.

Orain, Euskal Herriko Txapelketa irabazi duzu. Gustura al zaude?

Bai, oso gustura. Arabakoan bigarren egitea lortu nuen, eta horrekin dagoeneko gustura nintzen. Euskal Herriko txapelketa irabazita, zer esanik ez.

Espero al zenuen aurrena egitea?

Inola ere ez. Parte-hartzailetako erdiek txapela lortuta zuten beren herrialdeetan, eta horietako bi aurretik Euskal Herriko txapeldun izanak ziren behin baino gehiagotan. Gainera, saikapen fasean lortu genituen denborak kontuan hartuta, haien denborak nireak baino askoz ere hobeagoak ziren.

Lehia oso estua izan zen...

Ehunen batzuen kontua izan zen. Nahi izanda ere, ezin zuen estuago izan txapelketak. Nik parte hartu nuen txandan, amaierara arte ez nintzen konturatu pareko gindoazela. Hori horrela izanik, azken txanpa azkarrago egiten saiatu nintzen, eta txanda irabaztea lortu nuen. Bigarrengo txandan ere, estu amaitu zuten lehia lehengo biek. Bukatzean, kostatuta izan bazen ere, txapela niretzat zela esan zuen mikrotik. Nik 07 minutu, 48 segundo eta 69 ehunen behar izan nituen 50 lokotxak jasotzeko, eta bigarren sailkatu zen Ainhoa Iraizozek, 07 minutu, 48 segundo eta 80 ehunen. Beraz, zorteko ibili nintzen.

Irakurri elkarrizketa osorik, uztarria.eus atarian.