Oroimenean iltzatutako urratsak

Xalba Unzueta, Paki Unzueta eta Leire Gardiel, Isidoro Unzuetaren familiakoak. (Amaia Urbieta Arruti)

2001ean zendu bazen ere, Isidoro Unzueta korrikalariaren oroitzapena bizi-bizirik dauka bere sendiak. 50. aldiz antolatu dute aurten bere omenez egiten den lasterketa.

Zarauzko belaunaldi gazteenentzat ez da ezagunegia izango akaso Isidoro Unzueta korrikalaria, baina haren oinordekoek mimo handiz gorde dute bere memoria. Unzuetaren alaba gazteenaren, Paki Unzuetaren, etxean bildu da HITZA hiru seme-alabetatik birekin–Paki eta Xalbarekin–eta Leire Gardiel bilobarekin.

Ixpilla deitzen zioten Unzuetari, Mitxelena kalean jaio bazen ere, umetan ama hil eta aitonagana Ixpilla baserrira bizitzera joan zelako. Gaztetatik izan zuen hauspo handia, eta semearen arabera, dohaia landu zuen baratzean lan asko egiten zuelako; golfean cadi bezala egiten zuelako lan; eta Talai Mendiko maldak igotzen zituelako egunero-egunero, langileei ura eramateko. Hemezortzi urte inguru zituela Euzko Gaztedi Atletismo Taldea sortu zen Zarautzen, eta kide izatera gonbidatu zuten Unzueta; nonbait, Paben Solaberrieta arduradunak begiz jota zuen ordurako gaztea. Pixkanaka teknika hobetzen eta lasterketak irabazten hasi zen. Pauso "motz eta sarriekin" egiten zuen korrika, Xalbak azaldu duenez: "Entrenatzeko indarra taloek ematen zioten. Beti esaten zuen makina bat gose baretu dutela taloek Euskal Herrian".


Gailur atarian, gerragatik


1936an jo zuen goia Unzuetaren kirol ibilbideak. Espainiako txapelketa jokatu zuen urte hartan Monjuicen (Bartzelona, Herrialde Katalanak), eta bitxikeria moduan, beti kontatu ohi zuen "bizkaitarrak eta gipuzkoarrak batera" joan zirela hara. Isidoro bigarren izan zen lasterketa hartan, irabazleak baino sei segundo beranduago gurutzatu baitzuen helmuga. Hala ere, txapeldunetan txapeldun izango balitz bezala jaso zuten Zarautzera itzuli zenean, eta haren omenezko bertso bat ere abestu zioten. Hain zuzen, etxeko egongelan dauka bertsoa Pakik, marko batean apain jasoa. 

 


Kontuak ilun jarri ziren 1936an, ordea, eta Berlingo Olinpiar Jokoetarako txartela eskuratu bazuen ere, gerragatik parte hartu ezinik geratu zen Unzueta. Montjuicen irabazitako dominak ere nahasmen hartan galdu ziren, eta orain Unzuetak lortutako kopa eta oroigarri guztien artean haiek falta ditu familiak.
Ez du irribarrea ahotik kentzen Pakik aitaz hitz egiten duenean. Hark bezala, umore ederrarekin oroitzen ditu umetako kontuak. "Etxean kopa eta oroigarri asko izaten genituen, eta leihotik botatzen genituen jolasteko". 


Unzuetatarrak harro daude beren aita izan zenaz: familia xume batetik maila altuko kirolari bat atera izanaz. Haurtzaroko garaietan Unzuetaren familiak, beste askoren moduan, ez zuen txanponik soberan etxean. Lasterka hasi zenean ez zeukan horretarako zapatilla egokirik Ixpillak, eta lagun korrikalari bati eskatu zizkion bereak, laskerketa batean parte hartu ahal izateko. Lagunak utzi zizkionak oso handiak geratzen zitzaizkion Unzuetari, baina egoerari umorez egin zion aurre orduan ere: "Esaten zuen, zapatilla luzeagoekin pauso bakoitzean zentimetro batzuk gehiago egingo zituenez, askoz urrutirago iritsiko zela", oroitzen du Pakik. 

 


Omenalditik memorialera


Alabak dio, aitaren garrantziaz ohartu zela hari omenaldia egin ziotenean: "Ordura arte aita horixe zen, besterik gabe: aita. Ez ginen ohartzen haren lorpenak handiak zirela". 1970ean omendu zuten udaletxean Isidoro Unzueta, eta harrezkero egiten da bere omenezko lasterketa, urtero-urtero. 2001ean zendu zenetik, memorial bihurtu zena.


Golf zelaiaren inguruan izaten zen hasieran lasterketa, eta urte haietan "oso korrikalari onak" etortzen zirela du gogoan Pakik, Mariano Aro edo Coro Fuentes, esaterako. Urteek aurrera egin ahala aldatu egin da lasterketa. Golfetik Argiñano jatetxe parera pasa zuten, eta azpimarra berezia egin nahi izan du Pakik, Karlos Argiñanori eskerrak emateko lasterketa egunean eskaintzen zituen pintxoengatik. Isidorok hala esaten omen zuen: "Hauek ez dira korrika egitera etortzen, Argiñanoren txorizo eta odolki pintxoak jatera baizik!". Araba kalean ere egin izan zuten lasterketa noiz edo noiz, eta egun, Abendañoko zelaian izaten da, kros formatuan. Gipuzkoako txoko askotatik bertaratzen dira haurrak Isidoro Unzueta lasterketara, eta horrek pozez bete ohi zuen Ixpilla bera.

Unzuetatarren sendia zabalduz doa, eta lasterketaren egunean bazkaria egiten dute guztiek batera. Sari banaketan izan ohi dira familiako kideak, eta beraien "festatxoa" ospatzen dute. Transmisioan "ahalegin berezia" egin dute seme-alabek, bilobek eta birbilobek aitona zein izan zen jakin dezaten.

Erlazionatuak

Igandean jokatuko dute Isidoro Unzuetaren omenezko 50. krosa

Zarautz

Mailaka bereizita egingo dute lasterka gaztetxoek, Abendañoko zelaian. Goiz osoan izango dira lasterketak, kirola eta festa uztartuz.