"Etxe bat irudikatu nahi izan dut, Emakumeen* Etxea"

Zarauzko Hitza 2019ko abe. 26a, 12:05
Leiticia Eizagirre, Leire Vallejo, Mar Arregi eta Gloria Vazquez, Emakumeen* Etxearen kanpoaldean. (Aritz Mutiozabal)

83 proposamen jaso dituzte Emakumeen* Etxearen Logotipo Lehiaketara eta epaimahaiak Leire Vallejo Marquez zarauztarraren lana aukeratu du.

Gaur goizean aurkeztu dute prentsaurrean Emakumeen* Etxea ordezkatuko duen ikurra, eta bertan izan dira Berdintasun zinegotzi Gloria Vazquez, logo irabazlearen egile Leire Vallejo eta epaimahaiko kide Leticia Eizagirre eta Mar Arregi. Lehiaketara aurkeztu ziren lan andanaren artean irabazle bat hautatze ez dela lana erraza izan nabarmendu du zinegotziak, baina azkenean Vallejoren aldeko hautua egin duela epaimahaiak.

"Etxe bat irudikatu nahi izan dut, Emakumeen* Etxea. Bertan daude ikusgai emakume bat, kokapen bat, lazo bat, besarkada bat... Eta kolore morez egin dut, baina ez dut betiko morea erabili nahi izan, eta beste buelta bat emanez, apur bat ilundu dut", egindako lanaren xehetasunak kontatu ditu Vallejok. Logotipo "oso minimalista" dela nabarmendu du, "eta denboran iraungo duela iruditzen zait".

Vallejok 800 euroko saria eskuratu du lan honi esker, eta Emakumeen* Etxearen sustapenerako erabiliko dute berak diseinatutako irudia.

Erlazionatuak

Badu logoa Emakumeen* Etxeak

Zarauzko Hitza 2019 abe 17 Zarautz