Sansebastianek amaierarik ez zutenekoa

Amaia Urbieta Arruti 2020ko urt. 15a, 08:30
Juanita Eizagirre, Gurmendi baserriko atarian. (Amaia Urbieta Arruti)

Urteta auzoko Gurmendi baserrikoa da Juanita Eizagirre. Ia laurogei sansebastian bizi izan ditu auzoan, eta bertatik bertara ezagutu du festen bilakaera. Gazte garaian bizitakoen oroitzapen bikainak ditu. 

Elizamendi baserrian jaio bazen ere, Gurmendin bizi izan da beti Juanita Eizagirre (Zarautz, 1940). Urteta auzoan hazia eta hezia, festa kuttunenak izan ditu beti sansebastianak. Dotorea da Eizagirreren etxea, eta egongela goxoan azaldu dio HITZAri nola igarotzen zituzten sansebastianak berak eta gainontzeko auzotarrek gazteak zirenean.

Belaunaldi gazteagoetakoek pilotalekuan eta auzo elkartean ezagutu dituzte Urtetako jaiak. Herri kirolak, mus txapelketa, kontzertuak... egitarau oparoa antolatu ohi dute, eta hala egin dute aurtengoan ere Neska-Mutil Ardoko kideek. Duela zenbait hamarkada, ordea, ez zen halakorik izaten. Festa egin egiten zuten, erruz gainera, baina egitaraurik eta hitzordu berezirik gabe.

Artean pilotalekua eraiki gabe zegoen, eta baserrietan egiten zuten festa eta erromeria urtarrileko egun seinalatuetan. Jakineko etxean izaten zen festa, eta hiru urtero, txandakatzen joaten ziren, auzoko zazpi baserri ingururen artean. Gurmendin bertan ez du festarik ezagutu Eizagirrek, eta gehienbat gogoan dituenak Etxebarri, Elizamendi eta Errobi baserrietan egindakoak dira. "Ingurutik jendetza etortzen zen. Zarauztik, Urdanetatik, Altzolatik, Aiatik... baita Errezildik ere". Hain zuzen, senide errezildarrak jasotzen zituzten sansebastianetan Gurmendin, eta denak sartu ahal izateko estu antzera ibiltzen zirela azaldu du Eizagirrek. "Ohe berean lau lagunek egiten genuen lo zortzi egunez. Gazteak ginen eta ondo moldatzen ginen orduan, baina ipurdiko ederrak ere jaso genituen, zortzi zango elkarren ondoan jarrita". 

Meza Nagusia "zoragarria" izaten zela dio Urtetakoak. Normalean, bi apaiz eta fraidea etortzen ziren, eta "astakirten samarren bat" entzutea egokitu izan bazaio ere, orokorrean, sermoi "ederra" ematen zutenaren oroitzapena du. Mezaren ondoren, festa egiten zen baserrira joan ohi ziren elizgizonak bazkaltzera. Festa ez, baina apaizak eta fraideak Gurmendin bazkaltzen ezagutu ditu Eizagirrek. "Gero ohitura hori ere galdu egin zen, eta Zarauzko Piorenera joaten hasi ziren bazkaltzera meza ondoren". 

Dantza saio amaigabeak

Gazteek, ordea, ez zuten hamaiketakorik egiten. Haiek erromerian igarotzen zuten goiza eta arratsa. Jakineko soinu-jotzaileek girotu ohi zuten baserriko ganbara: Sakabik, Txankartak, Elgetak... Egungo festekin antzekotasun gutxi zuen hark. Beranduenez, 22:00etarako erretiratzen zen Eizagirre, eta hurrengo egunean esnea partitzera ohi baino goizago joaten zen, gero erromeriara joan ahal izateko.

"Sansebastian bezperan tokatzen zitzaien auzoko mutil gazteak kalera [Zarautzera] jaitsi eta ardoa eta etxafuegoak eramaten zituzten auzora, idietan". Hortik dator, hain zuzen, orain festa antolatzeaz arduratzen den taldearen izena: Neska-Mutil Ardo. Inguruko zenbait herritan ohitura den moduan, oilasko biltzera joaten ziren sansebastianetan Urtetako mutil gazteak ere. Horren jatorria zehazki zein den ez badaki ere, Sakabi trikitilariarekin baserriz baserri ibiltzen zirela du gogoan Eizagirrek. "Oilaskoa edo jasotzen zuten jeneroa festa zegoen baserrira eramaten zuten San Sebastian hirugarrenean, eta bertako etxekoandreak prestatzen zuen guztiontzat". 

Haren ustez, San Sebastian hirugarrena izan ohi zen egunik ederrena. Gogoan du egun horretan adinekoak ere kalera irten eta "harrotu" egiten zirela. "Izugarri polita izaten zen".


Kandelaria, nesken festa

Oraingoen aldean, luzeak izaten ziren garai bateko sansebastianak. Urtarrilaren 19an hasi, eta inauteriak arte festak etenik ez omen zuen izaten. Inauterien aurretik, baina, Kandelariak ospatzen zituzten, otsailaren 2an. Festa horretaz auzoko neskak arduratzen ziren; giroa jartzen zuten eta soinu-jotzaileari ordaindu behar izaten zioten, besteak beste. 

Liluraz oroitzen ditu Eizagirrek garai haiek. Asko aldatu dira Urtetan ospatzen dituzten sansebastianak, baina desberdinak izanagatik ere, aurtengoak heltzeko gogotsu dago. Beste urte batez bi asteburutako egitaraua prestatu dute auzotarrek, eta Eizagirrek nabarmendu du gazteek bazkari "oso ederra" ematen dietela auzo elkartean. Noski, ez du larunbateko hitzordura hutsik egiteko asmorik.

Erlazionatuak