Alazne Ameztoi: "Amak asko laguntzen nau, eta berari eskaini nahi nion saria"

Aritz Mutiozabal 2020ko urt. 28a, 08:00

Zarauztarrak soinu onenaren Goya saria irabazi zuen larunbatean, 'La trinchera infinita'-n egindako lanagatik. Harrera egin zioten familiako kideek eta lagunek Vista Alegrera iristean.

Zer sentitu zenuen Goyen ekitaldian saria jasotzeko zure izena entzun zenuenean, beste hiru kideenarekin batera?
Oso-oso urduri jarri nintzen momentu horretan. Pentsatzen nuen egoera kontrolatzeko gai izango nintzela, baina ezinezkoa egin zitzaidan. Benetan urduri jarri nintzen, eta shock egoeran bezala geratu nintzen.


Antzeman zitzaizun bloketatuta bezala zeundela saria jaso zenuenean.
Bai, bai, halaxe nengoen. Pentsatuta neukan zerbait esatea, eta bat-batean burua zurian geratu zitzaidan. ‘Ez da posible! Ez naiz izango gai ezer esateko’, pentsatu nuen une horretan.  Egia esan, ez dakit nola atera nintzen endredu horretatik, oraindik ez baitut ikusi gau hartako irudirik, baina jakin badakit oso urduri nengoela.


Zure mezuan argi geratu zen nori eskaini nahi izan zenien saria: bi semeei; Javi Agirreri, erronka moduan "bat-bat" esan zeniola...  
Bai, nahiago nuke beste zerbait esan izan banio... Jakin bagenekien bi sariak elkarren segidan emango zituztela, lehenik argazki zuzendaritzarena eta gero soinuarena, eta nik uste nuen Javi sarituko zutela. Ez da horrela izan , eta enpate. Aurrera begira, berdinketa hausteko aukera egon dadin.


Eta, nola ez, ama izan zenuen gogoan.  Eskaintza berezia zuzendu zenion berari.
Hori oso argi neukan. Amak asko laguntzen nau, eta berari eskaini nahi nion saria. Ez nekien nola egin, ezta zer esango nuen ere, baina ez neukan zalantzarik aipatu gabe ez nuela utziko. Bestalde, ia hitzartze dena euskaraz atera zitzaidan... Ez zen aurretiaz pentsatutako zerbait izan. Nik uste dut une horretan ez zitzaidala beste ezer ateratzen. Modu naturalean izan zen, eta aurrera.


La trinchera infinita filmak 15 izendapenetatik bi buruhandi lortu ditu Goya sarietan. Zartada handia izan al da lantaldearentzat?
Oso kontziente ginen egoeraz, eta bagenekien Pedro Almodovarren Dolor y Gloria filma Goya sarietatik indartuta aterako zela. Koherentea ere bazen, Espainiako Zinema Akademiak Oscar sarietarako bidean jarri baitu film hori eta, beraz, susmatzen genuen nondik joko zuten sariek. Edonola ere, espero genuen sari tekniko bat edo beste gehiago. Zuzendariek (Aitor Arregi, Jose Mari Goenaga eta Jon Garañok)  esan zuten Belen Cuesta aktorearena eta soinuarena oso sari garrantzitsuak zirela, baina nik espero nuen zerbait gehiago, eta egon zen animo beherakada bat. Gutxi iraun zigun, ordea, segituan gora etorri baikinen. Ez da ezer gertatzen!


Maila pertsonalean, Goya saria lortzea zer da zuretzako?
Bada aitortza bat, baina horrelakoetan, eta hau nire iritzia da, ez dakit nola neurtzen den pelikula bat bestea baino hobea den soinuan. Gainera, ez dakit honek lan gehiago izaten lagunduko didan, ez dut uste. Espero dut orain bezala jarraitzea guztiak, eta zurrunbilo hau lehenbailehen bukatzea.


Igandean, etxera itzuli zinetenean, harrera egin zizuten gertukoek Vista Alegre auzoan. Hori estimatuagoa al da?
Bai, hori oso polita izan zen. Oso hurbileko jendea bertaratu zen, eta horrelako gauzak gustura hartzen ditut. Baita telefonoko mezuak ere, jendeak esatean hunkitu egin dela saria jasotzen ikusi nauen momentuan. Hori guztia hunkigarria da niretzako, baina beste aldea, halako ekitaldia eta abar, gainezka egiten didan zerbait da.