Helburuak bete dituzte Izeta IV.ak eta Udane Ostolazak gaur Aritzbataldeko pilotalekuan

Zarauzko Hitza 2020ko ots. 8a, 20:03

100 kiloko zilindrikoa esku bakarrarekin 100 aldiz eta 125 kiloko kubikoa 50 aldiz jaso ditu Hodei Iruretagoiena, Izeta IV.ak. Udane Ostolaza oriotar gazteak, berriz, hiru aldiz jaso du 75 kiloko kubikoa.

Gerturatu da jende pixka bat gaur arratsaldean Aritzabatalde pilotalekura. Ez alferrik, bi marka saiakera eta pentatloi erakustaldia zeuden antolatuta, eta sortu du ikusmina egitarau horrek.

Aurrena, harri-jasotze erakustaldia egin dute Mikel Lopetegi Urra, Aimar Irigoien, Unax eta Jakes harri jasotzaileek. Era berean, Arria V.ak eta Txapartegik pentatloiko probak egin dituzte.

Sufrituta

Horiek lanak amaitu dituztenean hasi da marka saiakera egiten Udane Ostolaza 14 urteko oriotarra, eta baita lortu ere. 75 kiloko kubikoa behin jasotzea zuen helburu, baina hiru altxaldi eginda, gustura gelditu da gaztea. "Banekien 2-3 altxaldi egiteko aukera banuela, eta dena ondo atera da", esan du proba amaitu ondoren. Aurrera begira, esan du lehiarako eta erakustaldietarako gogoz dagoela, eta horregatik, jakinarazi du onartu egingo dituela iristen zaizkion proposamen eta aukerak.

Hodei Iruretagoiena, Izeta IV.a ere gustura egoteko moduan da. Kostata eta sufrituta, baina lortu egin du, izan ere, bere buruari jarritako erronka gainditzea. 100 kiloko harri zilindrikoa 100 biderrez jaso du 18:42 minutuan, eta ondoren 125 kiloko errektangularra jasotzeari ekin dio. Ez zaio erraza egin aldaketa hori, proba amaitu ondoren aitortu duenez. Sufrituta, baina lortu du helburua, horretarako 21:26 minutu behar izan baditu ere.

Ikusleek txalo zaparradarekin eskertu dute Ostolazak zein Iruretagoienak egindako ahalegina, eta horiei txapel bana jantzi diete antolatzaileek.