Koronabirusa saihesteko neurriak hartzen hasi dira herrian

Zarauzko Hitza 2020ko mar. 11a, 11:24

Atzora arte emandako datuen arabera, Zarautzen ez dute koronabirus kasurik atzeman. Dena den, hainbat eremutan hasi dira dagoeneko birusa saihesteko neurriak hartzen. Adineko egoitzan eta eguneko zentroan, esaterako, bisitak murriztu dituzte eta zentrora sartzen diren guztiei tenperatura hartzen diete. Elizan ere neurriak hartu dituzte, baita kirolean ere: Zast Ulaciaren eta Amenabar eta Aialaren partidak ateak itxita jokatuko dira.

Koronabirusa bezala ezagutzen den pandemiak mundua hankaz gora jarri du, 2019ko abenduan Txinako Wuhan hirian lehendabizikoz antzeman zutenetik. SARS-CoV-2 birusak edo Wuhango koronabirusak Txinako mugak zeharkatu ditu, eta hilabete gutxiren epean mundu osora hedatu da. Birus horrek COVID-19 gaixotasuna eragiten du gizakiengan, eta gaur egun 114.000 kasu inguru antzeman dituzte mundu mailan. 3.600 hildakotik gora eragin ditu, horietatik gehienak Txinan bertan, baina gogor astindu ditu Iran edota Italia.

Hego Euskal Herrira ere iritsi da gaixotasuna –oraingoz Ipar Euskal Herrian ez da kasu bat bera ere detektatu–. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak atzo eguerdian emandako datuen arabera, 197 pertsona kutsatu dira Euskal Autonomia Erkidegoan, eta horietatik sei hil dira. Nafarroan, berriz, COVID-19ren hamahiru kasu antzeman dituzte, Nafarroako Osasun Zerbitzuak emandako datuen arabera.

Gaixotasunaren hedatzeak eragin zuzena du gizartean. Ospitaleak lanez gainezka daude lehen kasuak detektatu zituztenetik, eta haiek artatu dituzten sendagileak ere jarri dituzte, kasu batzuetan, bi asteko berrogeialdian. Araba da kutsatu gehien dituen lurraldea, eta Gasteizen, baita Bastidan ere, ikastetxeak eta unibertsitateak itxi dituzte. Hasiera batean, martxoaren 23ra arte izango dute neurri hori indarrean.

Koronabirusak adinekoengan eta aurretik patologia jakin batzuk dituzten pertsonengan eragiten du gehien. Hori dela eta, adinekoen egoitzetan eta eguneko zentroetan ere neurriak hartu dituzte. Oraingoz ez dituzte egoitzak itxi, baina familiartekoak edo lagunak bisitatzera joaten direnen kopurua kontrolatu dute.

Ikusle kopuru handiak biltzen dituzten ekitaldietan ere nabarmen eragingo du koronabirusak. Espainiako futbol ligako datozen bi jardunaldiak ateak itxita jokatuko dituzte. Hau da, Lehen Mailako 28. eta 29. jardunaldietan ez da zaleturik izango zelaietan. Saskibaloi partidei dagokionez, hau idazterako orduan ez da erabaki zehatzik hartu, baina partida horietako batzuk ere kiroldegietako ateak ixtea aurreikusten ari dira.

Apirilaren 5ean egitekoak diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak bertan behera uztea edo beste data batera atzeratzea ez du oraingoz planteatu hauteskunde batzordeak. Baina, neurri batzuk hartuko dituztela jakin da, Italian –koronabirusak gogor astindu duen estatua– izandako hauteskundeetako aurrekariak kontuan hartuta. Hala, gomazko milaka eskularru erostea aurreikusten du hauteskunde batzordeak, igande horretan hauteskunde mahaietan egon beharko dutenek erabili ditzaten.

Lupa, edo birusen kasuan egokiagoa den mikroskopioa, eskualdera ekarrita, zer eragin ari da izaten COVID-19 gaixotasuna?

Zarauzko entitateen neurriak

Aipatu bezala, adinekoak dira zaurgarritasun maila altuenetarikoa duten giza taldea. Horrek behartu ditu adinekoen zentroak gainontzekoek baino neurri zorrotzagoak hartzera prebentziorako. Maria Etxetxiki zentroan, esaterako, langile guztiek tenperatura hartu behar dute txanda bakoitzean eta, ahal dela, saihestu egiten dituzte kanpokoen bisitak. Esaterako, egoitzatik kanpo egitekoak ziren ekintza guztiak bertan behera utzi dituzte, eta bertan lenean zeuden ikasleen praktikaldiak eten egin dituzte. Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarritako protokoloa jarraitzen ari dira eguneko zentroan eta, hori dela eta, bertara sartzen diren salbuespenezko bisita horiei tenperatura hartzen diete egoitzan sartzean eta ateratzean, eta alkoholdun xaboia jarri dute egoitzako hormetan.

Kirol arloari dagokionean, maila altuenean aritzen diren herriko kirolariei federazioek hartutako neurriek eragingo diete. Hala, Amenabar eta Aiala eskubaloi taldeek ikuslerik gabe jokatu beharko dituzte partidak martxoaren 25era arte. Zarautz Rugby Taldeak ere ez du ikuslerik izango asteburuan Avilesen, eta EBA ligan jokatzen duen Ulacia saskibaloi taldeak ere ikuslerik gabe jokatuko ditu datozen jardunaldiak. Kiroldegitik HITZAri jakinarazi diote oraingoz ez dutela prebentziorako neurri berezirik hartuko dituzten instalakuntzetan.

Udaberri Jubilatuen Elkartea ere harremanetan jarri da udalarekin egoeraren aurrean hartu beharreko neurriak koordinatzeko, eta une honetan erantzunaren zain dago. Udaberriko presidente Mikel Agirrek dio ez dagoela alarmarik, baina etorriko denaren zain daudela. Izan ere,  astean bingoan jokatzeko bi hitzordu izaten dituzte, eta bataz besteko adina 80 urtekoa da. Era berean, pare bat bidaia dituzte antolatuta, baina momentuz ez dituzte iragarri. Bestalde, maiatzaren 23tik 28ra Udaberri Astea ospatzekoak dira, bazkari batekin biribilduko dutena. "Planifikatuta eta loturik dugu guztia, baina zain gaude. Ez dakigu zer gertatuko den. Ea udaletik zer esaten eta aholkatzen diguten. Guk arriskatzeko inolako interesik ez dugu", adierazi du Udaberriko presidenteak. Zuhurtziaz jokatzea komeni dela gaineratu du, eta orain ezin bada, aurrerago ospatuko dutela.

Eliza ere hasi da neurri zehatz batzuk hartzen. Gipuzkoako Bikariotzak ohar bat helarazi zien elizbarrutiko parrokiei larunbatean, eta zenbait neurri hartzeko eskatu die. Hain zuzen ere, elizaren sarrerako ur bedeinkatua kentzea, eskuak garbitzea, bakea ematerakoan eskurik ez erabiltzeko eta jaunartzean ostia ahora ematea eskatu diete eliztarrei.