Esparru askotan hartu dituzte neurriak birusa kutsatzea saihesteko

Zarauzko Hitza 2020ko mar. 12a, 13:19

Hainbat entitate neurriak hartzen ari dira koronabirusa ahalik eta gutxien hedatzeko. Hainbat kirol federaziok ere partidak bertan behera utziko dituztela iragarri du, eta horrek zuzenean eragingo die Zarauzko zenbait talderi. Unean unean aldatzen eta gehitzen doaz prebentzio neurriak. Oraingoz, udalak ez du inolako neurririk jakinarazi.

20.000 biztanletik gorako herria da Zarautz, eta jende asko elkartzen den hainbat bilgune daude bertan. Covid-19 birusaren hedapena saiheste aldera, zenbait neurri ari dira hartzen egunotan, eta eragin zuzena izango dute hainbat herritarren bizimoduan. Zenbait enpresak eta eragilek iniziatiba propioz hartu dituzte neurriak eta, beste batzuk jaurlaritzaren jarraibideak ari dira aintzakotzat hartzen.

Inguruko herrietan ekitaldi gehienak bertan behera utzi dituzte, eta zaharren egoitzak itxi. Zarautzen, oraingoz, ez dute egoitzarik itxi, eta liburutegian eta kiroldegian ez dute neurri berezirik hartu. Udal Euskaltegia bai, itxita egongo da datozen bi asteetan. Kirol taldeak eta ikastetxeak dira, oraingoz, aldaketa gehien jasango dituztenak. Izan ere, hainbat kirol federaziok erabaki du partidak bertan behera uztea edo ikuslerik gabe jokatzea. Unean-unean eguneratzen doa informazioa, baina hemen daude ikusgai oraingoz HITZAk jaso dituenak:

Kirola

  • Eskubaloian, Zarauzko elkarteak erabaki du talde guztien entrenamenduak bertan behera uztea, oraingoz, data zehatzik gabe.
  • Saskibaloian, Euskadiko Saskibaloi Federazioak bertan behera utzi ditu partida guztiak.
  • Zarautz Rugby Taldeak ere bertan behera utzi ditu entrenamendu guztiak behin behinean; baita partidak eta kontzentrazioak ere.
  • Futbolean ere Euskadiko eta Gipuzkoako federazioek bertan behera utzi dituzte jardunaldi guztiak, eta Zarauzko Futbol Elkartean entrenamendu guztiak bertan behera geratu dira.

Zaharren egoitzak

  • Inguruko herrietako hainbat egoitza ixtea erabaki duten arren, Zarautzen ez dute halako neurririk hartu ez Maria Etxetxikin, ezta Santa Anan ere. Hori bai, bisitak murriztu dituzte eta egitekoak ziren ekintza guztiak bertan behera geratu dira. Horrez gain, kanpotik sartzen den jende guztiari tenperatura hartzen diote sartzean eta ateratzean.
  • Udaberri Jubilatuen Elkarteko lehen solairua itxi egingo dute, eta bertan behera geratuko dira beren jarduera guztiak: bingoa, yoga, tai chi, billar jokoa eta abesbatza. Era berean, maiatzaren 23tik 28ra ospatzekoak ziren Udaberri Astea ere bertan behera geratuko da.

Udal zerbitzuak

Oraingoz, kiroldegiak, liburutegiak eta bestelako udal eraikinek ez dute aparteko neurririk hartuko dutela iragarri.

Horiez aparte, bihar Zazpi Kultur Elkartean egitekoak ziren Grand Place aldizkariaren aurkezpena ere atzeratu egingo dutela iragarri dute, Osakidetzaren aholkuak aintzat hartuta. Erradikalak ginen ikuskizuna ere bertan behera geratu da.