4.500 maskara eta 500 babes-kareta baino gehiago banatuko dituzte Zarautzen

Zarauzko Hitza 2020ko mai. 6a, 09:00

Autobus eta tren geltokietan, eta merkatari eta ostalarien artean
banatuko dituzte Babes Zibileko, Gurutz Gorriko eta DYA-ko boluntarioek.

Astelehenaz geroztik derrigorra da maskara erabiltzea garraio publikoetan. Hala, herenegun, atzo eta gaur Zingira Zarautz Babes Zibileko eta DYA-ko boluntarioek maskarak banatu dituzte herriko hainbat tokitan. Besteak beste, bi tren geltokietan eta autobus geltokian.

0. fasean martxan jarri dira hainbat dendari txiki eta ostalari, eta horien artean ere maskarak eta babes-karetak banatu zituzten atzo; gaur ere jarraituko dute banaketekin. Guztira, 4.500 maskara eta 500 babes-kareta baino gehiago banatuko dituzte. Banatzen ari diren babes-karetak Euskadiko Maker Komunitateak Zarauzko Udalari emandakoak dira. "Udalak 3D inprimagailuetarako lehengaia ematen lagundu du, eta bikaina izan da eman diguten erantzuna, azaldu du Iban San Martin Herritarren Segurtasunerako zinegotziak. "Eskerrak eman nahi dizkiegu, baita Zarauzko Babes Zibilari eta Gurutze Gorriko eta DYA-ko boluntarioei ere, pandemian zehar erakusten ari diren inplikazioagatik eta egiten ari diren lanagatik. Laguntza honi guztiari esker, pandemiari buelta emateko egun bat gutxiago falta da", gaineratu du San Martinek.