Irudietan: Martxan da bainularien zenbaketa hondartzan

Amaia Urbieta Arruti 2020ko eka. 15a, 16:50

Uda denboraldia ofizialki uztailaren 1ean hasten bada ere, gaurtik aurrera martxan dira hondartzako zerbitzu guztiak Zarauzko hondartzan.

Eguraldia hondartzan eguzkia hartzen egoteko egokiena izan ez bada ere, jakin-mina izan da gaur nagusi hondartzako erabiltzaileen artean. Gaur jarri da martxan edukieraren kontrola, eta sarrera-irteeretako etxoletan langileak aritu dira lehen aldiz erabiltzaileak zenbatzen.

Etxoletako ateetan jarrita dago marea goian eta behean izango den ordua, baita une horietan gunean gehienez egoterik izango duten bainularien kopurua ere. Marea behean dagoenean, 1.000 bainulari sartu ahalko dira gehienez gune gehienetan, eta marea goian dagoenean, gunearen eta ilargiaren arabera aldatuko da zifra. 'Lizardi' gunean, Dama eskulturaren parean, esaterako, 340 pertsona egon daitezke gaur, marea goian dagoenean.

Joan-etorri handirik izan ez denez, lasai igaro dute lehen laneguna langileek. Haritz Arregi izan da 'Lizardi' gunean jendearen sarrera-irteerak kontrolatzen eta, haren esanetan, "denetik badago ere, orokorean, ondo ari da hartzen jendea jarraibide berriak". Oraindik kontu berriak direnez, hondarretara eskilaretatik jaitsi eta arranplatik igo behar dela azaltzen aritu da jende askori, baita sistema berriaren gainontzeko xehetasunen berri ematen ere.

Erlazionatuak