Hemezortzi emakumek hemezortzi bertso jarri dizkiote Inaxi Etxaberi

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2020ko uzt. 21a, 09:44

Hemezortzi emakumek bertso banarekin gogoratu eta eskertu dute haren ekarpena. Tartean dira Zarauzko hainbat bizilagun: Hodei Unzueta, Onintza Gartzia, Rosa Lertxundi, Ainhoa Agirreazaldegi eta Nahikari Gabilondo. Berria egunkariak zabaldu du bertso-sorta.

Uztailaren 11n zendu zen Inaxi Etxabe oikiarra, Zarautzera ezkondua etorri zena. Bertsotan agurtu zuten hiletan, Frantziskotarren Elizan.

Bertsotan jardun publikoan bere izenez eta gorputzez aritu zen lehen emakumeetako bat izan zen Etxabe. Bertso idatziak egin zituen batez ere, ia hirurogei urtez. Bertso munduko oraingo emakumeek aitortza bat egin nahi izan diote bertso bana eskainiz: "Inaxi Etxabe bertsolaria hil dela jakin orduko, ekimen xume honek gorputza hartu du emakume bertsolarien artean: bakoitzak bertso bana idatzi eta hedabideetan zabaltzea". Horrez gain, gonbita egin dute inork sorta honi bertsorik gehitu nahiko balio, haiekin harremanetan jartzeko.

Ainhoa Agirreazaldegi:

Bertsoa buruan ta
bertsoa hatzetan
bistaratu ohi zinen
une zehatzetan
andre-bertso lotura
mantenduz gatzetan
bide horri segika
gabiltza plazetan
zure eskuak daude
gure oinatzetan.

Hodei Unzueta:

Emakume kementsua
ausarta, paregabea,
errimak josten abila,
erantzunetan trebea!
Euskal Herrian barrena
pertsona oso maitea
ama, amona, izeko
utzi duzu ondarea...
Eskerrik asko Inaxi
tokatzen da eskertzea
zurekiko maitasunez
bihotza dugu betea,
jarraitu zure bidaia:
iraultzaile ta askea!

Nahikari Gabilondo:

Bertso munduko emakumeon
eredu zara jakina,
nahiz eta plazak ez entzun zure
ahots irmo bezain fina.
Zure koaderno marradunetan
hainbeste bertso egina...
ez da hutsean geratu zure
isilpeko ahalegina,
gu ez ginake izango eta
zu ere izan ez bazina.

Onintza Gartzia:

Nahiz ta une hauetan
tristerik gauden gu
Iñaxi zarelako
gugandik aldendu,
baina aukera honi 
nahi nioke heldu
izan zarenez hainbat
neskaren eredu
gazteei zure berri
emango diegu.

Rosa Lertxundi:

Kalean txistu, kalean festa
Euskal Jaia da nagusi
elizan berriz, aldarean zu
bertso kantuz goxo bizi
urtero zita, urtero zintzo
Amabirjiña goretsi
emakumea, bertsolaria
fedea lagun berezi 
arantz gutxiko larrosa eder
izandu zera Iñaxi

Bertso sorta guztia ikusteko, jarraitu Berria egunkariaren webgunera