Zarautzek orain arteko neurri murriztaileekin jarraituko du, Jaurlaritzak agindu berria indarrean jarri arren

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2020ko uzt. 29a, 19:08

Gaur sartu dira indarrean Eusko Jaurlaritzak ostalaritza sektorerako harturiko neurriak. Gaurtik aurrera, taberna guztiek 01:30ean itxi eta diskoteken edukiera %60ra mugatu beharko dute Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan. Zarautzen, baina, aurrez ezarritako neurri zorrotzagoekin jarraituko da, agerraldia egon delako.

Nekane Murga Osasun sailburuak astelehenean aurreratu zituen aisialdiari eragingo dioten neurri murriztaileak, eta gaur sartu dira indarrean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren. Neurriok Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerri guztiei eragingo diete, baina agerraldiak izan dituzten hainbat herrik aurrez ezarritako neurri are zorrotzagoak bete beharko dituzte aurrerantzean ere, kontrakorik adierazi arte. Herri horien artean da Zarautz, Eibar eta Ermuarekin batera.

Neurri berriak Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan

Honako neurri hauek iragarri zituen Murga sailburuak pasa den astelehenean. Dagoeneko indarrean dira.

  • Taberna, jatetxe, diskoteka eta elkarte gastronomiko guztiak 01:30erako itxi behar dira, eta ezingo dira 06:00 baino lehen ireki.
  • Pilaketak ekiditeko, diskoteken aforoa %60ra murriztu da. Dantzalekuak ezin dira erabili; eserita egon behar da.
  • Gauerditik aurrera, ezin da kalean eta zutik kontsumitu; terrazan eseri behar da.
  • 100 lagun baino gehiago biltzen diren lekuetan (sagardotegiak, ezkontzak, ...) aforoa %80ra murriztu da.
  • Hilbeiletan eta hiletetan ezin dira 60 pertsona baino gehiago elkartu.