Gutuna: Zarauzko AEK-k Euskaraz Bizi egunari buruz

Zarauzko Hitza 2020ko ira. 5a, 09:00
Iazko herri lasterketako parte hartzaile batzuk

Honako gutuna zabaldu du komunikabideetan Zarauzko AEK-k, azalduz zergatik ez den ospatu aurten Euskaraz Bizi egunik.

Honezkero jakingo duzue aurten ez dela Euskaraz Bizi egunik izango, baina Zarauzko AEK-ko kideok jakinarazi nahi dugu lanean jarraituko dugula Euskaraz Bizi egunak izan ditzagun. Esaterako, matrikulazioa zabalik dago irailaren 24 arte, eta beste ekitaldi batzuk antolatzen saiatuko gara.

COVID-19ak hankaz gora jarri gaitu, bai; ez da, ordea, egun horretako ospakizuna bertan behera
uzteko arrazoia izan, ez nagusia, behintzat. Arrazoi nagusia Zarauzko EHEri martxoan egin zioten elkarrizketan dago. Alegia, Zarauzko EHEra kiderik animatu ez denez, taldea desegite bidean dago eta, ondorioz, egun bateko ospakizunak zentzua galdu du.

Guk ere, noski, Euskararen aldeko lasterketa ez egitea erabaki genuen, egun horren helburua ondo pasatzeaz harago doalako eta hori erakutsi nahi genuelako. Bateko eta besteko, oraingoan, txanda-pasa egingo dugu, eta ikusiko dugu datorren urtea nola datorren.

Bukatu baino lehen, ordea, gure bidaide izan direnei eskerrak eman nahi dizkiegu egin duten lan guztiagatik, eman diguten laguntzagatik. Faltan botako ditugu irabazi genituen adiskidetasun, indar, konplizitate, bizipen eta borrokak. Ea hau bolada izan eta hurrengoan Zarautzen eta Euskal Herrian EHE taldeak han-hemenka azaltzen diren, euskaraz bizi gaitezen.